Gauerditik indarrean diren murrizketa berrien inguruko argibideak

Andoni Elduaien 2021ko mar. 29a, 15:47
Azkoitia, etxeko itxialdiaren garaian. (Argazkia: Alex Berasategi)

Eusko Jaurlaritzak joan den astean ebatzi zuen azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasa 400 edo altuagoa duten herriak eta lurraldeak itxi egingo zituela. Gaur-gaurkoz hemeretzi herri daude itxita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ebazpen horrek sor ditzakeen zalantzen inguruan, hona hemen zalantzak argitzeko hainbat irizpide, galdera-erantzun moduan:

Nola jakin dezaket udalerriren bat konfinatuta al dagoen?

Osasun Sailak astelehenero zabalduko du webgunean 400dik gorako tasa gainditzen duten udalerrien eta lurralde historikoen zerrenda, horrela den kasuetan. Argitaratu eta hurrengo egunean konfinatu beharko dute udalerri horiek. Nolanahi ere, Aste Santuko jaiegunak direla eta, bigarren ebazpena apirilaren 6an emango dutela jakinarazi du Jaurlaritzak eta apirilaren 7tik aurrera izango du eragina erabakiak.

Zein herri geratuko dira konfinatuta?

Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 400 edo gehiagokoa denean itxiko dituzte 5.000 biztanletik gorako udalerriak. 5.000 biztanletik beherako udalerriak, berriz, udalerri horietarako Eusko Jaurlaritzak ezarritako parametro epidemiologiko baliokideen mugak gainditzen dituztenean itxiko dituzte.

Noiz itxiko dute lurraldea?

Intzidentzia tasa 400 edo gehiagokoa denean itxiko dute lurraldea. Bizileku den lurralde historikoko pertsonen sarrera-irteerak murriztuko dituzte.

400eko tasa edo altuagoa duten udalerrien artean mugitu al naiteke?

Udalerriak mugakideak baldin badira eta ohiko zirkulazioa badute, bi herrien arteko mugikortasuna baimenduko da, beti ere erosketak zein aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko bada.

Ostatu batean erreserba eginda badut eta bizitokia edo helburu dudan udalerriaren intzidentzia tasa 400 edo gehiagoko bada, mantendu al dezaket erreseba?

Bai. Erreserbak 2021eko martxoaren 26a baino lehen eginak izan beharko du, eta apirilaren 1etik 11ra bitartean gauzatu beharko da erreserba.

Intzidentzia tasa 400 edo gehiagokoa den herrietan, zer zerbitzu eta zer ordutegitan eman ditzakete ostalaritza guneek?

Aire zabaleko terrazetan zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte ostalariek. Barruan, ordea, kontsumitzeko jendaurreko ordutegia zehaztu dute; 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era bitartean eskani ahal izango dute zerbitzua lokalen barruan. Terrazetako ordutegiak, berriz, orain arte bezala jarraituko du, 06:00etatik 20:00etara. Aurrez egindako eskaerak, ostera, 21:00ak arte entregatu ahal izango dira establezimenduan bertan hitzordua eskatuta; etxez etxeko banaketa ere 22:00ak arte egin ahal izango da.

Bezeroek mahai bakoitzean lau laguneko taldea osatu ahal izango dute gehienez, eta ezingo dira bi mahai edo gehiago batu talde handiagoa osatzeko. Gainera, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, elikagaiak edo edariak hartzen diren momentuan izan ezik.

Sar al naiteke ostalaritzaren barruko guneetan kontsumitzeko ezarritako ordutegietatik kanpo?

Bai, baina egungo segurtasun neurriak betez, kontsumizioa eskatzeko edo komunak erabiltzeko bakarrik sar daiteke. 

Zenbat lagunek egin dezakete kirola taldean intzidentzia tasa 400dik gorakoa den herrietan?

Kirola barruko eremuetan egiten bada, lau pertsonako taldeak izan beharko dira gehienez. Kanpoan, berriz, bilkuren muga sei pertsonakoa da. Halere, talde profesionalen eta federatuen entrenamenduei eta lehiaketei ez die eragiten neurri honek. 

Baimenduta al dago eskola-kirola egitea intzidentzia tasa 400dik gorakoa den herrietan? 

Eskola-kiroleko entrenamenduak egin ahal izango dira, gehienez ere sei laguneko taldeetan antolatuta. Kirola barruko instalazioetan egiten bada, taldeek gehienez lau pertsonakoak izan beharko dira.

Dutxak eta aldagelak erabili al daitezke intzidentzia tasa 400dik gorakoa den herrietan?

Ez. Udalerri horietan aldagelak eta dutxak itxi egingo dira, igerilekuetan izan ezik; horietan, aldagelak erabili ahal izango dira gehieneko edukieraren %35eko mugarekin, eta dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banakakoak badira.

Irakurri galdera-erantzunen txostena, osorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide