Saskibaloi jokalaria

Intza Lizarazu: "Igoera fasera ez sailkatu izanaren penarekin gelditu gara"

Andoni Elduaien 2021ko api. 1a, 09:00
Intza Lizarazu, beroketa ariketetan. (Argazkia: Luis Garcia)

Intza Lizarazu Jauregi (Azkoitia, 1991) Azkoitia-Azpeitia ISB taldeko kapitaina da. Amaitu dute denboraldia, eta "zapore gazi-gozoarekin" amaitu ere. Izan ere, gutxigatik ez dute lortu Endesa Ligarako igoera fasera sailkatzea. Hala eta guztiz ere, "gustura" agertu da sasakibaloi jokalari azkoitiarra, LF2 Pro mailan jokatzeko sailkapena lortuta.

Amaitu da zuentzat denboraldia. Gustura egindako lanarekin?

Bai. Denboraldiaren hasieran genuen helburu nagusia mailari eustea zen. Orain arte bi multzotan banatuta egon gara LF2 mailan, baina aurten hiru multzotan banatuta aritu gara. Federazioak aldaketa hori egin zuen, hurrengo urtera begira Endesa Ligaren eta LF2 Ligaren artean LF2 Pro izeneko liga sortzeko asmoz. Hasieratik genekien LF2 Pro liga hor zegoela, eta txapelketa aurrera joan den heinean, liga horretara sartzea izan da gure helburua. 

Jokatutako 26 partidetatik hamasei irabazi dituzue. Sailkapenean koska bat edo bi gorago egoteko ezer falta izan al zaio taldeari?

Hein batean, gure esku egon da. Bolada txarra izan dugu denboraldiaren amaieran, eta irabazi beharreko partida bat edo beste ere galdu genuen. Azkenean, horregatik, Liga Endesarako igoera fasea jokatzetik kanpo gelditu gara.

Nola laburbilduko zenuke aurtengo denboraldia?

Sekulako urtea egin dugu. Igoera fasera ez sailkatu izanaren penarekin gelditu gara orokorrean. Saria horren gertu ikusteak ilusioa eta indarra ematen du, eta ez lortu izanak aho zapore gazi-gozoarekin utzi gaitu. Denboraldia ona izan da, eta LF2 Pro mailara sailkatzea lorpen handia da. Aurten LF2 mailan jokatzen aritu garen hamasei talde onenak egongo gara LF2 Pro mailan, eta hurrengo urtera begiera ere erronka polita dugu aurretik. Maila handia egongo da, eta hor egotea saria da guretzat.

Pertsonalki, gustura amaitu al duzu denboraldia?

Entrenatzaile aldaketa izan dugu aurten. Asko gozatu dugula esango nuke; taldeak asko lagundu du, oso ondo ulertu gara elkarrekin, bai etxekook eta bai fitxaketak... Horrek oraindik eta gehiago gozatzen lagundu dit, bai kantxan eta bai kantxatik kanpo.

COVID-19a tarteko, arraroa izan al da denboraldia?

Denboraldia hasi zenean, hamar egun pasatu behar izan genituen etxean. Denboraldi erdia gainditu eta amaieran sartzen ari ginenean, berriz, beste ezusteko bat izan genuen, eta bost bat egun pasatu genituen etxean. Egoera dagoen bezala uste dut ezin garela kexatu, nahikoa ondo joan baita sasoia. Halere, maila honetan gehiago kostatzen da hamar eguneko geldialdia egin eta berriz martxan hastea.

LF2 Pro mailara sailkatuta, nola eratuko dute liga?

Hiru multzotan lehiatu gara aurten LF2 mailan. Multzo bakoitzeko lau onenek Endesara Ligarako igoera fasea jokatuko dute, eta horietatik bi taldek lortuko dute bakarrik mailaz igotzea. Endesara Ligara igoera lortuko ez duten hamar taldek, Endesatik Ligatik LF2 Pro mailara jaitsiko diren beste bi taldek, eta igoera fasera sailkatu ez garenon artean onenak izan garen lau taldek [tartean Azkoitia-Azpeitia ISBk] osatuko dute LF2 Pro maila. 

Urtero berritzen da zuen taldea. Zer eman diote fitxaketek taldeari?

Taldeak hasieratik egin du bat; hori izan da niretzat garrantzitsuena. Kantxa barruan zein kanpoan oso ondo moldatu gara, eta fitxaketak ere segituan egokitu ziren taldera. Horrek sekulako bultzada eman digu. Saskibaloian ondo jokatu beharra dago, baina taldeko giroa izan da aurtengo gakoetako bat. Bikain moldatu gara bai taldekideon artean eta bai entrenatzaileekin. 

2016an jaitsi zineten lehen mailatik LF2 mailara. Taldea mailara egonkortu dela esan daiteke?

Lehen bi urteak izan ziren maila honetako sasoi gogorrenak. Espainia mailako liga izanik, egokitu egin behar da liga berrira, taldeak eta jokalariak ezagutu behar dira. Orain, guztiz asentatuta gaude LF2 ligan. Lehen helburua beti mailari eustea bada ere, txapelketa aurrera doan heinean gero eta gehiago nahi izaten dugu, ahalik eta goren begiratzeko.

Aurten ere ikuslerik gabe jokatu dituzue partidak. Nola daramazue hori?

Ikaragarri galtzen du saskibaloiak zalerik gabe; saskibaloia oso tristea eta hotza da horrela. Zureen berotasuna eta animoak falta izatea garrantzitsua da. Ohitu egin behar izan dugu, azkenean ez dago beste erremediorik. Denboraldia aurrera joan den heinean, ordea, beste leku batzuetan utzi egin diote publikoari kantxetara sartzen. Adibidez, Plasencian [Extremadura, Espainia] jokatu genuen partida garrantzitsuan 600 ikusle bildu ziren pabilioian, eta horrek beste plus bat eta beste indar bat emateko balio izan zien etxekoei.

Orain, atseden hartzeko unea da.

Sekulako esfortzua egin dugu, bai lan egiten dugunok eta bai ikasketetan murgilduta daudenek; egin dugun urteari balioa eman behar diogu. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiet taldekide guztiei eta guri babesa eman diguten zaleei; datorren denboraldian harmailetan ikusiko ditugu guztiak. Bestalde, ez nuke ahaztu nahi Paula San Juan gure taldekidearekin, belauneko lesioa izan baitu. Oraindik ez dakigu zehazki zenbaterainoko lesioa izan duen, baina animoak bidali nahi dizkiot. Bueltan nahi dugu, eta azkar errekuperatzea espero dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide