Juaristi ISBk astindua eman dio Moron taldeari Azpeitian

Andoni Elduaien 2021ko mar. 29a, 08:30
Deion Bute pibota, saskiraketaren bila. (Argazkia: Mikel Amenabar)

Lehen laurdenean bisitariak aurretik jarri badira ere, ISB nagusi izan da hurrengo hiru laurdenetan eta 29 puntuko aldeagatik irabazi du.

Juaristi ISBk 85 eta 55 irabazi zion atzo arratsaldean C.B. Moroni Azpeitiko kiroldegian. Garaipen garrantzitsua eskuratu zuen ISBk; izan ere, azken hiru jardunaldietan bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatuen aurka jokatu beharko du Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak.

Andaluziako saskibaloi taldeak aurrea hartu zuen lehen laurdenean. Lehen hamar minutuen ondoren, 18 eta 20 ziren aurretik andaluziarrak. Hurrengo hiru laurdenetan, ordea, ISBk aise menderatu zuen Moron; bigarren laurdena 24 eta 11 amaitu zen; hirugarren laurdena 24 eta 13; eta laugarren eta azken laurdena, berriz, 18 eta 11.

Juaristi ISBko jokalari guztiek amaitu zuten balio positiboetan, baina gehien nabarmendu zen jokalaria Ibon Guridi azpeitiarra izan zen. 12 puntu saskiratu zituen 23 puntuko balorazioa lortzeko. Iñigo Royok, berriz, 17 puntuko balorazioa eskuratu zuen 13 puntu saskiratuta. Hala eta guztiz ere, taldeko saskiratzaile onena Pavel Savkov errusiarra izan zen, 15 puntu saskiratuta.

Juaristi ISBri hiru jardunaldi gelditzen zaizkio fase erregularra amaitzeko, eta lidertzari eusten dio gaur-gaurkoz. Datorren asteburuan kolpea eman dezake, gainera, ISBk; izan ere, Grupo Alega Cantabria bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du etxean. Kantabriako taldea garaipen batera besterik ez du ISBk, eta beraz, garaipena eskuratuz geroz, aurrerapauso handia emango du lidertzari eusteko. Azken aurreko jardunaldian, berriz, Zornotza hirugarren sailkatuaren aurka etxetik kanpo jokatuko du ISBk, eta azken jardunaldian Reina Yogur Clavijo CB laugarren sailkatua hartuko du etxean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide