AEKri bultzada eman diote azkoitiarrek

Andoni Elduaien 2021ko mar. 28a, 14:02

Euskal Herriko 80 herritan egin ditu AEK-k 'Bultza euskaltegiak! Bultza euskara' dinamikari bultzada emateko ekitaldiak. Korrikak amaitu beharko luken egun eta ordu berean egin dituzte ekintzak. Azkoitian, esaterako, Balda plazan elkartu dira dozenaka euskaltzale.

AEK euskaltegiak Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarri du martxan, aurten ere "euskalduntze mugimenduaren garrantzia" plazaratzeko. Gaur, Korrikak amaitu beharko luken egunean, Euskal Herriko 80 herritan egin ditu ekitaldiak AEK-k dinamika hauspotzeko. Azkoitian, Balda plazan elkartu dira eguerdian hainbat euskaltzale, eta bertsoek nahiz musikak hartu dute plaza. Aurten ere kalera AEK kalera atera da "euskararen lekukoa" zein "euskaltegien aldeko bultzada kalean" egon daitezen.

Naia Arrizabalaga Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolari azkoitiarrak ireki du Balda plazako ekitaldia, eta ondoren, AEKren mezua irakurri dute Miren Alberdi Azkoitiko AEK-ko kideak eta Joey Albert AEK-ko ikasleak. Era berean, bi abesti entzun dira plazan; batetik, berariaz gaurko egunerako sortu duten Lekukoa mingaina izeneko bertso-rapa, eta, bestetik, Euskal Herrian Euskaraz abesti ezaguna. Ekitaldia Arrizabalaga bertsolariaren agurrarekin eta argazki batekin itxi dute. Argazkirako, gainera, Laura Alberdik eta Laura Larrañagak mural bat margotu dute.

Egungo osasun egoera tarteko, euskararen aldeko lasterketaren 22. edizioa 2022. urtera atzeratzea erabaki zuen AEK-k. 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean gauzatuko da. Hala eta guztiz ere, zabalik jarraitzen du Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egizu ekarpena kanpainak. Korrika atzeratzeak "zuloa" eragin du AEKren aurrekontuan, eta zorpetze horri aurre egiteko "herritarren sostengua" jaso nahi dute. Ekarpenak hainbat eratan egin daitezke, hemen. Gainera, euskaltegiak adierazi du gutun bat helaraziko dietela Euskal Herriko administrazio-erakunde nagusiei, datozen urteetan euskalduntze mugimenduak "nolako baldintzak izan behar dituen jasota". Horrez gain, AEK-k azpimarratu du mota guztietako eragileekiko lan-ildo komun bat jorratzen ari direla, eragileek "aurrerapauso gehiago emateko".

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide