Eusko Jaurlaritzak 400dik gorako tasa duten herriak itxiko ditu astelehenetik aurrera

Aritz Mutiozabal 2021ko mar. 26a, 19:30
IƱigo Urkullu lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua gaurko agerraldian.

Bihar argitaratuko du Eusko Jaurlaritzak intzidentzia tasen eguneraketa, eta neurriak astelehenean sartuko dira indarrean. Itxita diren herrietan taberna eta jatetxeen barruan egoteko ordutegiak mugatu egingo dituzte, besteak beste. Gaur baino lehen eta apirilaren 1etik 11 bitarterako erreserbaren bat eginda duten herritarrek bidaiatzeko aukera izango dute.

Azken boladan datuek nabarmen okerrera egiten dutela ikusita, Labiren aholku batzordeak presazko bilera egin du gaur, ostirala, Aste Santuari begira hartu beharreko neurriak aztertzeko. Atzo zabaldu zen informazioa berretsi du Iñigo Urkullu lehendakariak bilera osteko agerraldian: azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa duten herrietan eta lurraldeetan itxiera perimetrala ezarriko dute; alboko herrietara soilik joan ahal izango dute herri horietako bizilagunek, erosketak egitera edo aire zabalean kirola egitera.

Era berean, itxita diren herrietan tabernen eta jatetxeen barruan egoteko ordutegiak mugatu egingo dituzte: goizetan 06:30etik 09:30era, eta 13:00etatik 16:30era arratsaldeetan. Espazio itxietan egiten diren kirol jarduerak gehienez lauko taldeetan egin ahalko dira, talde profesionalen eta federatuen entrenamenduak eta lehiaketak salbu. Kirol instalazioetako aldagelak eta dutxak itxi egingo dituzte, igerilekuetakoak izan ezik; horietan, edukieraren %35eko muga errespetatu beharko da.

Bestalde, gaur baino lehen apirilaren 1etik 11ra bitarterako erreserbaren bat eginda dutenek bidaiatzeko aukera izango dute, nahiz eta herri hori itxita egon. Turismoaren sektoreari laguntzeko asmoz hartu dute neurri hori, lehendakariaren esanetan. Dena den, ez duten mugikortasuna aholkatzen, are gutxiago intzidentzia tasa altuko tokietara joatea.

Intzidentzia tasen eguneraketa bihar argitaratuko du Eusko Jaurlaritzak, eta neurri horiek astelehenean sartuko dira indarrean. Datuen hurrengo eguneratzea, berriz, apirilaren 6an egingo dute. Gaur-gaurkoz, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dute 400eko intzidentzia tasaren muga hori gainditzen, ezta Azkoitiak ere. Urola Kostan, berrriz, Aia mugatik oso gertu dago: 352,64ko tasa du. Gainerako herrietako intzidentzia tasak honako hauek dira: Zestoak 282,49ko tasa du, Zarautzek 239,86koa eta Zumaiak 203,52koa; gainerako herriek tasa baxuagoa dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide