Unai Izagirre: "Gozatzea nahi dut, baina finala den heinean lehiatu ere bai"

Andoni Elduaien 2021ko mar. 27a, 09:00
Unai Izagirre, Ordiziako kanporaketan. (Argazkia: Goierriko Hitza)

Joan den asteburuan lortu zuen bertsolari azkoitiarrak finalerako sailkapena, Ordizian. Gabiriako Andre Mari elizan jokatuko dute finala, gaur.

Joan den igandean jokatu zuten Osinalde finaleko bertsolariak aukeratzeko azken kanporaketa Ordiziako (Gipuzkoa) Herri Antzokian. Ibai Abillategik irabazi zuen atzoko kanporaketako entzuleen saria eta Anton Mendizabal eskultoreak egindako Txikia oroigarria jaso zuen hark. Epaileek, berriz, Unai Izagirre bertsolari azkoitiarra eta Ibai Amillategi bera hautatu zituzten gaur, larunbata, Gabiriako Andre Mari elizan jokatuko den Osinalde sariketako finalean parte hartzeko. 17:00etan hasiko da finala, eta honakoak dira finalean ariko diren sei bertsolariak: Unai Izagirre, Urko Arregi, Aroa Arrizubieta, Ane Zuazubiskar, Xabat Ilarregi eta Ibai Amillategi.

Izagirrek azaldu du, "nahikoa arraro" bizi izan zuela Ordizian jokatutako kanporaketa. "COVID-19a etorri zenez geroztik jendaurrean abesten nuen lehen aldia zen. Protokoloak aginduta, maskara jantzita egon behar izan genuen, eta bertsoa abesterakoan ere mikrofonoari txanoa jarri behar izaten genion; gainera, goiza ere bazen. Bertsotan, halere, gustura ibili nintzen. Hasieran motelago hasi nintzen, baina gero hobeto jardun nuen. Gustura amaitu nuen lortutako emaitzarekin eta finalera sailkatuta".

Azkoitiarrak badaki Osinalde finalak berea duen xarma galduko duela. "Aurtengoak ez du edukiko Osinaldek bere bereizgarria duen mahai bueltako giroa", nabarmendu du. Mahai bueltan eta mikrorik gabe jokatu ohi da sariketa, baina garai berrietara egokitu beharra dagoenez, Gabiriako elizan jokatuko dute gaur finala. Izagirrek adirazi du COVID-19a etorri zenetik, "apenas" egin duela bertsotan. "Ilusioarekin eta gogotsu nago. Gozatzea nahi dut, baina finala den heinean lehiatu ere bai".

Izagirrek "freskotasuna" eman nahi dio Gabiriako finalari. "Finalean alboan izango ditudan bertsolariak maila onekoak dira. Ea guztiok batera jendea gozarazteko moduko saioa egiterik dugun eta Osinalde txapelketako finalak eskatzen duen mailan egoterik dugun".

Bertsolarien sariketa zuzenean emango du Goierri Telebistak. Interneteko webgunean (gitb.eus) zuzenean emango du, streaming bidez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide