AEK-k ekitaldia egingo du igandean Balda plazan

Andoni Elduaien 2021ko mar. 24a, 08:32

12:00etan, 'Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!' izeneko dinamikaren barruko ekitaldia egingo dute. 22. Korrika martxan balitz, igandean amaituko zukeen ibilbidea, eta egun hori baliatuko dute dinamika indartzeko.

AEK euskaltegiak Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! izeneko dinamika jarri du martxan, aurten ere "euskalduntze mugimenduaren garrantzia" plazaratzeko. Egoera bestelakoa balitz, martxan behar luke gaur Korrikak, eta datorren igandean, martxoak 28, amaitu beharko zukeen. Halere, egungo osasun egoera tarteko, euskararen aldeko lasterketaren 22. edizioa 2022. urtera atzeratzea erabaki zuen AEK-k.

Korrikaren amaiera eguna izan behar zuena, ordea, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika hauspotzeko baliatuko du AEK-k; izan ere, Euskal Herriko 80 herritan egingo ditu ekitaldiak igandean. Azkoitian, Balda plazan elkartuko dira 12:00etan, eta bertsoek nahiz musikak hartuko dute plaza. AEK-ko kideek jakinarazi dutenez, aurten ere kalera aterako dira "euskararen lekukoa" zein "euskaltegien aldeko bultzada kalean" egon daitezen. Azkoitiko ekitaldia "xumea" eta "laburra" izango dela aurreratu dute Azkoitiko AEK-ko kideek, izan ere, ordu erdi irautea aurreikusten dute.

Naia Arrizabalaga Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolari azkoitiarrak irekiko du Balda plazako ekitaldia, eta ondoren, AEKren mezua irakurriko dute hainbat lagunek. Era berean, bi abesti entzungo dira plazan; batetik, berariaz datorren iganderako sortu duten Lekukoa mingaina izeneko bertso-rapa, eta, bestetik, Euskal Herrian Euskaraz abesti ezaguna. Ekitaldia Arrizabalaga bertsolariak itxiko du bertso batekin agurtuz.

Bestalde, zabalik jarraitzen du Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egizu ekarpena kanpainak. Korrika atzeratzeak "zuloa" eragin du AEKren aurrekontuan, eta zorpetze horri aurre egiteko "herritarren sostengua" jaso nahi dute. Ekarpenak hainbat eratan egin daitezke, hemen. Gainera, euskaltegiak adierazi du gutun bat helaraziko dietela Euskal Herriko administrazio-erakunde nagusiei, datozen urteetan euskalduntze mugimenduak "nolako baldintzak izan behar dituen jasota". Horrez gain, AEK-k azpimarratu du mota guztietako eragileekiko lan-ildo komun bat jorratzen ari direla, eragileek "aurrerapauso gehiago emateko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide