Hasi dituzte Madariaga auzoko San Isidro baseliza eraberritzeko lanak

Andoni Elduaien 2021ko mar. 23a, 13:41
Madariako pilotalekua, itxita. (Argazkiak: Azkoitiko Parrokia)

Baselizaren teilatua birmoldatzeko lanak hasi dituzte lehenik eta behin. Era berean, Azkoitiko parrokiak gogorarazi du elizaren barrua eraberritzeko herritarrek ekarpenak egin ditzaketela.

Hasi dira Madariaga auzoko San Isidro baseliza eraberritzeko lanak. Guztira 250.000 euroko aurrekontua izango dute lanek; horietatik 100.000 euro izango dira teilatua konpontzeko, eta 150.000 euro elizaren barrualdea egokitzeko. Jarduketa teilatua konpontzeko lanekin hasi dute Madariagan. Lan horiei ekin ahal izateko, Azkoitiko Parrokiak Madariagako Apaizetxea –lehen auzoko taberna izandakoa– saldu du 100.000 euroren truke . Azkoitiko parrokiak jakinarazi zuenez, bailarako bizilagun batek erosi du Apaizetxea, "han taberna edo antzeko zerbait jartzeko edota bertan bizitzeko". Salmentako diruarekin, Azkoitiko Parrokiak baselizako teilatua konpondu ahalko du.

Azkoitiko parrokiaren asmoa da, teilatuko lanak amaitu ondoren baseliza barruko lanekin hastea. Besteak beste, baseliza barruan igeltserotza lanak egingo dituzte, baita soinua hobetzeko lanak, berogailua ezartzeko lanak, pintaketa lanak, instalakuntza elektrikoa ezartzeko lanak eta argiteria hobetzeko lanak ere.

Diru bilketa kanpaina

Baselizaren teilatua nahiz barrualdea berritzeko behar duten dirua biltzeko, Denon artean lortuko dugu kanpaina abiatu du Azkoitiko Parrokiak. Eskuorriak atera dituzte dirua biltzeko kanpainaren berri emateko. Bertan, baselizaren eraberritzearen aurrekontua azaldu dute, baita diru ekarpenak egiteko banketxeetako kontu korronteen zenbakiak eman ere. Honako banketxeetan dituzte kontuak: Laboral Kutxa, Kutxabank, Banco Sabadell, Cara Rural de Navarra, Banco Santander, BBVA eta Caixabank. Diru ekarpena kontu korronteen bidez egiteaz gainera, eskuz ere egin dezakete herritarrek Azkoitiko Parrokian bertan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide