Babestutako edukia

"Esperientzia honek balio dezala ohartzeko saltoki txikiek eta herritarrek elkar behar dugula"

Maxixatzen.eus 2021ko mar. 22a, 19:00

Azken hilabeteak ez dira errazak izan merkataritza eta ostalaritza txikiarentzat. Pandemiak bete betean jo zuen sektorea, eta askotariko esperientziak bizi behar izan dituzte eskualdeko herrietako dendariek eta tabernariek. Baina esperientzia honek zerbait ona utzi duen esperantzan daude. Konturatu dira merkataritza txikiaren taupada dela herriaren bizia, eta hori erakusteko kanpaina bat abiatu dute Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako merkatari elkarteek, hiru herrietako udalek eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak, herritarrak herrian kontsumitzera animatzeko. Martxan jarri duten kanpainaren funtsa harago doa, ordea; izan ere, ez dute kontsumitzearen garrantzia soilik erakutsi nahi. Oraingoan dirua herriko kaleetan mugitzeak duen garrantzia, hau da, egunerokoan erosketak herrian egiteak duen garrantzia irudikatu nahi izan dute. Eta, zergatik? Dena kate bat delako.

Garai zailetatik, irakaspenak

Azkoitiko Orbela tabernako Luis Aizpuru, Zestoako Unide janari dendako Edurne Alberdi eta Azpeitiko Zuri-Beltz erropa dendako Ana Etxaniz dira kanpainan parte hartu duten aurpegietako batzuk. Pandemia tarteko, azken hilabete hauek "oso gogorrak" izan direla diote denek, nahiz eta bakoitzak bere esperientzia bizi izan duen.

Orbela tabernaren arduradunak dio, "garai ilunak" izan direla, eta ostalaritzaren sektorea ikaragarri kolpatuta egon dela. Horrek eragin zuzena izan du denda txikiengan. Hori bere azalean bizi izan du Zuribeltz dendako arduradunak: "Tabernak itxita jendea ez zen poteora ateratzen, eta asko nabaritzen genuen egunerokoan. Jendea kafe bat edo zerbeza bat hartzera irteten denean askotan gelditzen da erakusleihoei begira eta zenbaitetan dendara ere sartzen da, zer dagoen begiratzera eta. Horrek bizia ematen dio dendari, baina tabernak itxita egon diren sasoian inor ez da ibili kalean".

Unideko arduradunak bestelako esperientzia bizi izan du. "Janari denda izanik, saltokia irekita mantendu behar izan genuen, eta jendeak erosketak egitera kanpora joan ezin zuenez, herriko salmentak asko igo ziren. Ezin genuen kontrolatu biltegiko stocka, ez genekien noiz arte iraungo zuen kontu honek, ez genekien hamabost egun iraungo zuen edo hilabeteak… Eta ezjakintasun horrek izugarrizko egonezina eta urduritasuna eragiten zigun. Dena den, egoera horrek erakutsi digu guk jendearen behar handia dugula, eta beraiek ere bai gurea", kontatu du Unideko arduradunak.

Bizipenak bizipen, denak bat datoz: "Esperientzia honek erakutsi digu hau kate bat dela, eta denok elkarren beharra dugula. Esperientzia honek balio dezala ohartzeko saltoki txikiek eta herritarrek elkar behar dugula". Horregatik, hori da abiatu berri duten kanpainan eman nahi duten mezua. Kate bat irudikatu nahi dute, eta erakutsi nahi dute oso garrantzitsua dela denda txikiak indartzeko eta herriak bizirik mantentzeko erosketak bertan egitea, baita aisialdia ere. "Erakutsi nahi duguna da zein garrantzitsua den herrian erosiz elkarri laguntzea", gaineratu dute.  

Herritarrei eskertuta

Martxan jarritako kanpainan ez dute eskaera bat soilik egin nahi. Herritarrei eskerrak ematea ere nahi dute, nolabait "herritarrak direlako herriei, saltokiei nahiz tabernei bizia ematen dietenak". Gainera, pandemiak utzitako panoramaren ostean, jendeak "oso ondo" erantzun duela diote Aizpuruk, Alberdik eta Etxanizek.

"Behin tabernak irekita, kaleko giroa asko areagotu da, eta jendeak oso ondo erantzun du. Jendea laguntzeko prest agertu da, eta hori eskertzekoa da", dio Orbelako arduradunak. Bat dator Zuri-Beltzeko dendaria: "Pandemia erakusten ari zaigu denok elkarrekin batera joan behar dugula. Aukera handia dago herriko saltokietan, bai elikagaietan, arropetan, aisialdirako eskaintzan… ahalik eta eskaintzarik onena emateko saiakeran gabiltza, eta jendea oso ondo erantzuten ari da". Unideko arduradunak ere jendeari eskerrak ematea "ezinbestekoa" dela dio. "Ohar gaitezen eskaintza zabala dugula herrietan, eta denok elkarren beharra dugula. Ezin gara horrekin ahaztu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide