Unai Izagirre Osinalde bertso sariketako finalerako sailkatu da

Nerea Uranga 2021ko mar. 22a, 09:03
Unai Izagirre Osinalde bertso sariketan. (Argazkia: Goierriko Hitza)

Osinalde finala martxoaren 27an, larunbatean, jokatuko dute Gabiriako (Gipuzkoa) Andre Mari elizan. Izagirrez gainera, beste bost bertsolari ariko dira.

Atzo, igandea, jokatu zuten Osinalde finaleko bertsolariak aukeratzeko azken kanporaketa Ordiziako (Gipuzkoa) Herri Antzokian. Unai Izagirre bertsolari azkoitiarraz gainera, kanporaketan aritu ziren Ibai Amillategi gernikarra, Oihana Arana eskoriatzarra, Iker Ormazabal hernaniarra, Lander Arizmendi ordiziarra eta Maddi Aiestaran beasaindarra.

Ibai Abillategik irabazi zuen atzoko kanporaketako entzuleen saria eta Anton Mendizabal eskultoreak egindako Txikia oroigarria jaso zuen bertsolariak. Epaileek, berriz, Unai Izagirre eta Ibai Amillategi bera hautatu zituzten datorren larunbatean jokatuko den Osinalde sariketako finalean parte hartzeko.

Osinalde finala martxoaren 27an, larunbatean, jokatuko dute Gabiriako Andre Mari elizan aurrez kanporaketetan sailkatu diren sei bertsolariek. Honakoak dira finalean ariko diren sei bertsolariak: Unai Izagirre, Urko Arregi, Aroa Arrizubieta, Ane Zuazubiskar, Xabat Ilarregi eta Ibai Amillategi.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide