Mailu Sudupe 'Egurrola' eta Araitz Etxaniz, XXXI. San Jose Trikiti Jaialdian

Nerea Uranga 2021ko mar. 21a, 15:49
Mailu Sudupe 'Egurrola' eta Lurdes Alkorta, atzo San Jose Trikiti Jaialdian. (Argazkia: Ibon Errazu Uria)

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatuta, San Jose Trikiti Jaialdiaren 31. edizioa izan zen atzo, Azpeitiko Soreasu antzokian. Trikitilari ugarik parte hartu zuten, eta egungo egoera kontuan hartuta, bi emanaldi eskaini zituzten. Partaideen artean izan ziren Mailu Sudupe Egurrola eta Araitz Etxaniz trikitilari azkoitiarrak.

Gustura gelditu dira Euskal Herriko Trikitixa Elkartekoak  XXXI. San Jose Trikiti Jaialdiaren emaitzarekin. Pandemiak eragindako egoerara moldatuta antolatu dute trikiti jaialdiaren aurtengo edizioa ere, eta horregatik bi emanaldi egin zituzten atzo, larunbata, Azpeitiko Soreasu antzokian.

Bi saioetan parte hartu zuten trikitilarien artean izan ziren Mailu Sudupe Egurrola eta Araitz Etxaniz azkoitiarrak. Egurrolak Lurdes Alkorta bikotekide zuela jardun zuen panderoarekin eta Araitz Etxanizek Eleia Diez herniarrarekin osatu zuen bikotea. Jaialdiko gainontzeko partaideak honakoak izan ziren:Alaitz Roteta (Zarautz) eta Ainara Saizar (Aia), Irma Carrera (Tolosa) eta Amets Arteaga (Baliarrain), Fa&Go taldea, Lidia Irigoien (Errezil) eta Leire Astiasaran (Zizurkil) nahiz Xabi Solana, Kristina Solano eta Txus Aranburu (Hernani).

Aurtengo edizioan Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak gogora ekarri du orain dela 50 urte Mailu Sudupe Egurrolak Euskal Herriko Trikiti Txapelketan parte hartu izana. Jaialdian aipatu zuten, gainera, txapelketa nagusian parte hartu zuen lehen emakumea izan zela.

"Lantalde gisa oso gustura gelditu gara aurtengo trikiti jaialdiarekin. Izan ere, kontuan izan behar da horrelako jaialdiak antolatzeko oraindik egoera ez dela hain erraza", azaldu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak.

Argazkiak: Ibon Errazu Uria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide