Gaztedi xake txapelketaren finala jokatuko dute martxoaren 28an, Gurea pilotalekuan

Nerea Uranga 2021ko mar. 20a, 11:57
2019ko Gaztedi xake txapelketako irudi bat. (Argazkia: Anaitasuna-Kakute xake taldea)

Pandemiaren eraginez, 2020ko Gaztedi xake txapelketaren neurketa asko atzeratuta jokatu behar izan dituzte, hala finala martxoaren 28an jokatuko dute, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Anaitasuna-Kakute xake taldeak adierazi duenez, "osasun neurri zorrotzak" hartuta eta ikuslerik gabe izango da finala.

Iazko Gaztedi xake txapelketaren finala jokatuko dute martxoaren 28an, igandean, 10:00etan hasita, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Pandemiaren eraginez, Kutxa Fundazioak antolatzen duen txapelketaren iazko neurketak atzeratu egin behar izan zituzten, eta finala orain jokatu beharko dute. Gipuzkoako Xake Federazioak eta Anaitasuna-Kakute xake taldeak antolatuko dute finaleko jardunaldia, "osasun neurri zorrotzak" hartuta. "Asier Plazaolak eta Judith Goenagak osatutako protokoloa beteko da, eta koronabirusaren hedapena saihesteko osasun neurriak zuzen eta hestu bete araziko ditugu xake txapelketaren finalean", adierazi du Anaitasuna-Kakute xake taldeak. Hala, txapelketa ikuslerik gabe izango da.

Zortzi taldek parte hartuko dute finalean, bi kategoritan banatuta. Finala jokatuko duen Anaitasuna-Kakute taldea honako xakelariek osatuko dute: Markel Vesga, Cristian Cretu, Denis Valor, Aner Alonso, Lucia Valor eta Aritz Soraluze. Azkoitiko taldearen delegatuak, berriz, Anibal Fernandez eta Juan Carlos Valor izango dira.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide