Plazetara itzuli dira berriro

Andoni Elduaien 2021ko mar. 19a, 13:18

Etenik gabeko euriak gaurko egunak behar zuen laguntzarik eman ez badu ere, Bizkargi musika eta dantza eskolako gaztetxoek Martirieta eta Urrategi auzoak piztu dituzte.

Bizkargi musika eta dantza eskolako gaztetxoak plazara atera dira urtebeteren ostean; izan ere, Martirietako eta Urrategiko auzoak piztu dituzte gaur, ostirala, beren dantzekin eta txistu nahiz trikiti doinuekin. Egungo osasun egoera tarteko, eskolako kideek urtebete igaro dute kalean emanaldirik eskaini gabe, baina gaur bi auzoak zapaldu dituzte. Euriak ez du atsedenik eman goiz guztian, eta hori horrela, Martirietan zein Urrategin ermitaren aurrean egin behar izan dute dantza gaztetxoek.

Martirietan 10:00etan hasi dute dantzaldia. 9 eta 11 urte bitarteko neska-mutilek osatutako taldeak joan dira hara, eta, besteak beste, Kaskarot dantza, Gorulari dantza, Txantxo dantza, Brokel dantza, Alpargata dantza, fandangoa, arin-arina, Zazpi jauzi eta polka dantzatu dituzte. Urrategi auzora, bestalde, 12 eta 14 urte bitarteko ikasleak joan dira, eta beste hainbat dantza eskaini dituzte: Uhartiarrak, Zuberoako makil dantza, Zortzinangoa, Zinta dantza, Zazpi jauzi eta polka.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide