Quirino sarien finalera sailkatu da Joseba Beristain musikaria

Andoni Elduaien 2021ko mar. 18a, 09:32

Animazio iberoamerikarreko soinu eta jatorrizko musika onenaren saria jasotzeko izendatuen artean dago musikari azkoitiarra. Loop animaziozko film laburrari soinua eta musika jartzeagatik lortu du finalera sailkatzea.

Joseba Beristain musikari azkoitiarra Quirino sarien finalera sailkatu da. Animazio iberoamerikarreko soinu eta jatorrizko musika onenaren saria eskuratzeko hiru hautagaien artean dago Beristain Unikok ekoitzitako Loop lanagatik. Hamazazpi herrialdetako 265 lan jaso dituzte aurten Quirino sarietan, eta azkoitiarrarena azken fasera ailegatu da.

Guztira, 24 lan lehiatuko dira Iberoamerikako animazioa sustatzeko eta balioesteko sortutako sarien bederatzi kategorietan; Beristain animaziozko film laburren soinu eta musika onenaren kategorian lehiatuko da. Opera primek leku nabarmena izan dute hautaketan, Iberoamerikako eskualdea osatzen duten 23 herrialdeetan animazioaren dinamismoaren eta talentu berrien aldeko apustua islatuz.

Beristainek azaldu du izendapenak "bereziki" pozten duela oraingo honetan, musika ez ezik film laburraren soinua ere berak egin baitu. Epaimahaiak maiatzaren 29an jakinaraziko ditu irabazleen izenak. Tenerifeko La Laguna hirian (Kanaria uharteak, Espainia) egingo dute sari banaketa ekitaldia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide