Greban dauden eskualdeko garbitzaileek auto karabana egin dute gaur Azkoititik hasita

Andoni Elduaien eta Urtzi Oteiza 2021ko mar. 17a, 20:34

ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta, greban dauden eskualdeko garbitzaileek auto karabana egin dute gaur arratsaldean Azkoititik hasita. Martxoaren 15etik 18ra arteko lanuztea egin dute eraikuntzetako garbitzaileek, eta grebaren bidez soldata-arrakalarekin amaitzeko eta negoziazioari "merezi duen seriotasunez heltzeko ordua" dela aldarrikatu dute. 

Martxoaren 15etik Gipuzkoako eraikuntzetako garbitzaileak lau egunetako greban murgilduta daude. ELA, LAB eta UGT sindikatuek egin dute greba deialdia, soldata-arrakalarekin amaitzea eskatzeko eta negoziazioari "merezi duen seriotasunez heltzeko ordua" dela aldarrikatzeko, eta greba deialdiaren barruan hainbat protesta egin dituzte. Greban dauden eskualdeko garbitzaileek auto karabana egin dute gaur arratsaldean Azkoitiko Altzibarko biribilgunetik hasita. 

Aldarriak eta salaketak

Sindikatuek jakinarazi dutenez, grebara batu diren garbitzaileek argi dute: "Garbitzaileen pandemia ez da COVID-19a, prekarietatea da. Emakume aurpegia duen prekarietatea". Gaineratu dute egungo sistema "langile klasearen bizi-baldintzen eta, bereziki, garbitzaileen baldintzen aurka" doala. Horren harira, patronala seinalatu dute, eta ardurak betetzeko eskatu diote: "Egoera honetan, patronalak soldata arrakala aitortu gabe jarraitzen du, eta garbitasun feminizatuari balioa kentzen dio. Beste urte batzuetan adina irabazi ez dutela izan eta 2019 eta 2020rako %0ko igoera proposatu dute. Urtarrilean eginiko bi eguneko grebaren ondoren, eskaintza %0,5 igo da 2021 eta 2022rako, %1ko eta %1,5ko eskaintzarekin 2021 eta 2022rako hurrenez-hurren".

Era berean, sindikatuek gogoratu dute eraikin enpresetako emakumezko garbitzaileek kale-garbikuntzako gizonek baino 5.000 euro gutxiago irabazten dutela. "Izan ere, %28ko aldea dago kale garbiketako eta eraikin zein lokalen garbiketako langileen artean, hau da, gizon eta emakumeen artean. Lehenak urtean 23.183 euro jasotzen ditu; bigarrenak, 17.784; hau da, 5.401 euroko aldea dago. 6.500 lagun aritzen dira Gipuzkoako garbikuntza sektorean eraikinak eta lokalak garbitzen; horietatik 1.500 lagun baino gehiagok enpresa ituna dute. Horietatik %80 emakumeak dira, eta kontratu partzialak dituzte", azaldu dute greba deialdia egin dute hiru sindikatuek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide