Erromeria plazak berpiztuz

Andoni Elduaien 2021ko mar. 17a, 10:57
Bizkargi eskolako dantzariak iaz, Kontzejupen.

Bizkargi musika eta dantza eskolako kideek musika eta dantza eramango dituzte ostiralean Urrategi eta Martirieta auzoetara. Euskal Herriko hamaika dantza egingo dituzte, horiek bideo batean jaso eta herritarrei eskaintzeko.

Bizkargi musika eta dantza eskolakoek musikarekin eta dantzekin piztuko dituzte ostiralean Urrategiko eta Martirietako plazak. COVID-19a tarteko, azken urtean ez dute kalean emanaldirik eskaintzeko aukerarik eduki eskolako kideek, baina orain aurrepausoa emateko unea dela erabaki dute. "Iazko martxotik hona ez dugu inongo ekintzarik egin, nahiz eta tartean grabaketaren bat edo egin dugun. Kalera irteteko aukerarik ez dugu eduki, eta aurten zerbait egiteko nahia genuen", dio Aitor Sorazu Bizkargiko irakasleak. Sorazuk dio egoerak "luze" jo duela; besteak beste, eskolak online eman behar izan baitituzte. Eskolak modu horretan ematea "sekulako saltsa" izan dela azaldu du irakasleak, eta gainera, "oso hotza" izan dela azpimarratu du. "Ez dauka taldeko girorik; bakoitza bere etxetik jardutea oso hotza izan da".

Giroa epeltzen hasteko asmoz, eta taldeko giroa berreskuratzeko, I. Herritik Auzoetara egitasmoa antolatu dute. "Eskolan hitz egin genuen, eta ekimenari Herritik Auzoetara deitzea erabaki genuen. Lehen auzoetan egin ohi ziren erromeriak, eta pentsatu genuen orain zergatik ez ginen mugituko geu herrigunetik auzoetara. Egokia iruditu zitzaigun", azaldu du Sorazuk. Ekintzak ez dituzte edonolako bi plazetan berreskuratuko; izan ere, Urrategin eta Martirietan arituko dira, urte askoan Azkoitiko erromeria gune izandako bi plazetan. Sorazuk ekimena antolatzearen zergatia azaldu du. "Martxoan, urtero, Taldez Talde ekimenean parte hartzen genuen, eta ekintza desberdinak egiten genituen igandero. Pentsatu genuen, Taldez Talderen datak hurbiltzen zirenean, herriko auzoetara joango ginela saioak eskaintzera. Egungo osasun egoerarekin, herriko kaleetan zailagoa da ekintzak antolatzea, ikusleak dantzak ikustera gerturatu eta pilatu egingo liratekeelako. Horregatik erabaki dugu auzoetara jotzea".

Martirietan hasiko dute dantzaldia ostiralean, 10:00etan. Hara 12 eta 14 urte bitarteko ikasleak joango dira, eta beste hainbat dantza eskainiko dituzte: Uhartiarrak, Zuberoako makil dantza, Zortzinangoa, Zinta dantza, Zazpi jauzi eta polka. Urrategi auzoan, berriz, 12:00etan hasiko dituzte dantzaldiak. 9 eta 11 urte bitarteko neska-mutilek osatutako bi talde joango dira hara, eta talde bakoitzak "hiru bat dantza" egingo dituela jakinarazi du Sorazuk. Besteak beste, Kaskarot dantza, Gorulari dantza, Txantxo dantza, Brokel dantza, Alpargata dantza, fandangoa, arin-arina, Zazpi jauzi eta polka dantzatuko dituzte. 

Aitor Sorazu, eskuinean.

Ostiralean Urrategin eta Martirietan egingo dutena "zerbaiten hasiera" izatea nahi dute Bizkargi musika eta dantza eskolan. "COVID-19aren kontuak zerbaitetarako balio izan badu, hori ideiak asmatzeko izan da. Zerbait berria asmatzeko buruari buelta batzuk eman behar izan dizkiogu. Ekimenak, gainera, bide bat ireki digu. Orain Urrategi eta Martirieta hautatu ditugun bezala, hurrengoan Madariaga edo Elosua auzoetara ere joan gaitezkeela uste dugu. Ekimen polita da, eta iruditzen zait gustukoa izango dela. Aurrera begira auzoetara joan eta egunpasa egiteko ekimen ederra izango da", argitu du dantza irakasleak.

Eguraldi euritsua eta hotza iragarri dute ostiralerako, baina horrek ez ditu kikilduko Bizkargi eskolako kideak, azken hilabeteetan etxean zein eskolan ikasitako urratsak aurkezteko garaia iritsi baitzaie. Kalera aterako dira, baina ez jendaurrean aritzeko; izan ere, eskolaren asmoa da bi auzoetako dantzaldietako irudiak hartzea, gero bideo batean elkartzeko eta Interneten zintzilikatzeko. "Ahalik eta jende kopuru txikiena elkartuko gara geuk grabaketak-eta egin ahal izateko", dio Sorazuk.

Kalera begira ezer prestatzeko edo antolatzeko asmorik ba al duten galdetuta, Sorazuk argi azaldu du. "Momentuan ez dugu ezer prestatuta. Dantzari Txiki Eguna ere maiatzean izan ohi da, eta uste dugu egun horretan ez dugula ezer egiteko modurik izango. Ea sanjuanetarako zerbait egiteko aukera dagoen".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide