Akordatzen?

Arenas, musikaren eta herrigintzaren uztarritik

Andoni Elduaien 2021ko api. 4a, 10:11
Angel Mari Arenas.

Iaz 60 urte bete zituen Angel Mari Arenasek (Azkoitia, 1950) txistularien alboko danbor jotzaile lanetan. Musikari lotutako familian jaio zen, eta bere aita zenak hartutako bideari eutsi dio urteetan zehar. "Musika tresnak-eta konpontzen zituen aitak; musikazale amorratua zen. Hura ere 9-10 urterekin hasi zen txistua jotzen. Garai batean, udaletxean zegoen entseatzeko lekua, eta hara igotzeko arazoak sortu zitzaizkionean utzi zion txistulari taldeari. Omenaldia egin zioten, eta Azkoitiko urrezko lehen bereizgarria hari jarri zioten".

Arenas gazte hasi zen danborra jotzen, baina Errege Magoek ekarritako txirulatxoa jotzea zen bere umetako nahia. Danborrarekin lotura nola egin zuen kontatu du: "Nire osaba gazte hil zen. Hura hil aurretik, ordea, kukurruku eztularekin gaixo nengoen. Mojek, gerora, zorte handia izan nuela esan zidaten; izan ere, orduan kukurruku eztularekin hil egiten zen jendea. Gaixorik nengoen aldi hartan, osaba zenak bere burua hiltzear ikusi zuen, eta bere hileta antolatzeko kontzientziako gidaria eta Juan Elorza Txanbolin deitu zituen. Osabak danbor bat erosi berria zuen, eta Txanbolini esan zion danbor hura niretzat gordetzeko, uste baitzuen danbor jotzailea izango nintzela. Pakete batean gorde zuen danborra, eta lehen aldiz jo nuen egunean ireki nuen aurrenekoz pakete hura". "Etxean" ikasi zuen osabagandik jasotako danbor hura jotzen. "Azkoitian abarketa asko egiten ziren sasoi hartan, eta txorta lana betidanik ezagutu zen gurean. Txapelak ere asko egiten ziren orduan, eta lanean ari ziren guztien erdian taula bat jarrita ikasi nuen erredobleak egiten. Zenbat jasan behar izan ote zuten haiek nik ateratako zarata hura!". 61 urteren ondoren, Arenasek danborra jotzen jarraitzen du, Txalkor txistulari taldean. Oraindik orain, osabaren ondarean jasotako danbor hura erabiltzen du.

Udal txistulari bandaren azken eguneko argazkia. Ezkerretik eskuinera, Arenas, Beristain, Txanbolin eta Txalkor.

Imanol Elias historialariaren esanetan, 1559. urtetik izan dira txistulariak Azkoitian. Halere, etxean entzundakoagatik, 1939. urtetik aurrerako historia ezagutzen du Arenasek. Garai hartan, Udal Txistulari Bandan txistuarekin aritzen ziren Antonio Arenas Txalkor, Angel Mari Arenasen aita, eta Txanbolin; Jose Mari Orbegozok, Angel Mari Arenasen osabak, berriz, danborra jotzen zuen. Hura hil zenean, 1951. urtean, Candido Beristain eta Trino Arruabarrena Txitie batu ziren Udal Txistulari Bandara, lehena txistuarekin eta bigarrena danborrarekin. Hemeretzi urtez aritu zen laukotea elkarrekin, Txitiek kide izateari utzi zion arte. Hain zuzen ere, orduan iritsi zen Arenasen txanda: Txitiek Udal Txistulari Bandan utzitako lekua hartu zuen 9 urte zituela. Beristain eta Txanbolin Arenasentzat "bigarren aitak" izan dira. "Ume-umetatik hasi nintzen haiekin, eta nire aitarekin batera laurok osatu genuen 30 urtean Udal Txistulari Banda". Igande goizetan diana egiten zuten herrian zehar, eta arratsaldean dantzaldiak eskaintzen zituzten plazan. "Udako eta Gabonetako aparteko ordainsariak ere jasotzen genituen, pentsa".

1990. urtean amaitu zen Azkoitiko Udal Txistulari Bandaren ibilbidea, eta laukoteak omenaldi beroa jaso zuen. Berehala jaio zen, baina, txistulari talde haren oinordetza hartu zuen Txalkor txistulari taldea. Arenasen aitaren ezizena hartu zuen txistulari taldeak. Pello Larrañaga Axiri izan zen taldearen bultzatzailea eta sortzailea. "Guk ezagutu dugun aldian txistua ez da sekula indarrean egon Azkoitian. Larrañagak egindako lanagatik izan ez balitz, zaila izango zatekeen 1990. urtetik aurrera Azkoitian txistulari talde bat egotea. Gainera, taldeari Txalkor izena jartzea ikaragarri eskertzen diot, eta segitu beharra sentitzen dut".

Txalkor txistulari taldeko kideak. Arenas, goian, eskuinetik lehena.

Musika bandako kide

Arenas ezaguna da, besteak beste, bizitza musikari eskaini diolako. Ez da beti, baina, txistulari taldeari lotuta egon, Udal Musika Bandako kidea ere izan zen. 4 urte zituenetik 9 bete arte, Udal Musika Bandako "maskota" izan zen. Musikariei partiturak eman eta haiek jasotzen zituenari deitzen zioten maskota. Orduko pasadizo bat gogorarazi du: "Behin, Elgoibarrera joan ginen bandarekin, eta nire ama ere joan zen niri laguntzera. Musika bandarekin beste herri batera joandakoan, kalejira egin ohi zen, eta gu ikusten kalean zegoen batek horrela esan zuen ozen: 'Begira, badakarte nanoa'. Amak hori entzun zuenean sekulako berotua harrapatu zuen, eta pertsona hari azalpenak eman behar izan zizkion".

Gero, kaxa jotzen hasi zen musika bandan. 60ko hamarkadan sartu aurretik, Udal Musika Bandari boikota egon zion hainbatek, eta kideen erdiek utzi zuten. Orduan, bere aitak eta Txanbolin zuzendariak erabaki zuten, kaxa jotzen ikasi behar zuela musika bandan hasteko. "Musika banda derrigorrean antolatu behar izan zuten, danbor jotzailerik ez zegoelako. 10 urte bete gabe izango nituen, baina behintzat osatu genuen banda". 28 urtean zehar aritu zen gero Arenas Udal Musika Bandan. Kaxaz gain, dunbala eta txapak ere jo zituen. Halaber, Azpeitiko, Zumarragako eta Zestoako bandekin eta Xoxote txarangarekin kolaboratu zuen.

Arenas, eskuinean, Txanbolin zuzendariarekin batera 'maskota' lanak egiten.

Musikari ezagunekin elkarlanean

Hainbat euskal musikarirekin lan egiteko aukera ere izan du. 18 urte bete zituenean, bateria erostea erabaki zuen, eta orduan ateak ireki zitzaizkion. Ez Dok Amairu mugimenduko kideekin batera Euskal Herrian zehar kontzertuak eskaini zituen. "Benito Lertxundiren lehen bateria jotzailea izan nintzen. Julian Lekuona Aizpurutxoko orduko apaizak eta Lertxundik Ez Dok Amairun abesten zuten. Biek laguntzaile talde bat nahi zuten, ordura arte gitarra bakarrik jotzen zutelako. Hori ikusita, Jose Luis Frantzesenak, Mikel Sudupek eta hirurok taldea osatu genuen. Ez Dok Amairukoei laguntzen hasi ginen. Jose Mari Iriondoren etxean egiten genituen entseguak. Mugimenduak estimu handia zuen orduan; jaialdi guztietan betetzen ziren aretoak, eta hori ikustea ikaragarrizko poza zen. Harreman handia egin nuen mugimendukoekin". Bi edo hiru urtean ibili zen haiekin. Gerora, Suduperekin eta Frantzesenarekin, hainbat ezkontza girotu zituen Arenasek. Iñaki Garmendia Laja trikitilariarekin ere erromeri eta ezkontzetan ibili zen.

Orkestina edo jazbana ere sortu zuten. Taldeak igande iluntzetan abesti dantzagarriak eskaintzen zituen Azkoitian, Garizuma garaian izan ezik. Halere, horren inguruan protestak izan zirela gogoratu du. "Musikari gazte talde batek Garizuman jotzea eskatu zuen, gero udako igandeak libratzeko. Udalak onartu egin zuen haien proposamena. Halere, eta udako igandeak dantzaldirik gabe ez uzteko, txistulari bandako laurok orkestina eratu genuen. Alkandora berriak erosi eta aita tronpetarekin, Txanbolin saxofoiarekin, Beristain akordeoiarekin eta ni bateriarekin hasi ginen kontzertuak eskaintzen. Ez genion izenik jarri taldeari, baina ez genuen inoiz hutsik egin". Hiru bat urtean eman zituzten kontzertuak.

Arenas, Laja zenarekin.

Alor soziala mugarri

Musikaz gain, Arenasek gizarte alorrean lan eskerga handia egin du herriaren alde. 1974. urtean, Gazteen Gurutze Gorria jarri zuten martxan, sorospen gune bat sortzeko eta gazteek soldadutza herrian eginez behar handiena zutenei laguntzeko. "Orduan, gazteek beldurgarri kolaboratzen zuten. Horregatik eduki genuen herrian gauzak egiteko gaitasuna". Gurutze Gorriko taldeak bultzatuta, Arrasateko Ospitaleko Psikiatrikoan bisitak egiten hasi ziren. Urtean birritan joaten ziren ile- apaintzaileak; abuztuan, Ekintza Katolikoko emakumeak; urrian, gazteak, eta gizon-emakumeek osatutako danborrada egiten zuten; Gabonetan, dantzariak. Ekintza nagusia maiatzean egiten zuten. 500 bat lagunek parte hartzen zuten irteeran, eta pilotariak zein futbolariak, trikitilariak, dultzaineroak, txistulariak eta txaranga joaten ziren hara, bertan zauden gaixoei "eguna argitzera". Horrela ibili ziren, gutxienez sei urtean. "Handik bueltan, Atraskuaan elkartzen ginen afaltzeko, eta ondoren herrian kalejira egiten genuen".

Arrasateko Ospitaleko Psikiatrikotik Azkoitira ere etorri ziren hango gaixoak, eta egun hura oroitzapen bereziarekin gogoratzen du Arenasek. 1977. urtean, berriz, Palenciako (Gaztela eta Leon, Espainia) San Luis psikiatrikora gonbidatu zituzten azkoitiarrak, eta hiru urtez segidan joan ziren hara.

Ikatza banatzen

"Beste jende askorekin batera", bestelako ekintza batzuetan ere parte hartu zuen Arenasek. Gogoan du ikatzaren bueltan Azkoitian sortu zen arazoari nola erantzun zioten. "Orduan, etxe askotan ez zegoen butano gasik, eta sukalde askotan ikatza erabiltzen zen. Daniel Agirre Krispin zen herrian ikatza banatzen zuena, baina hura gaixotu egin zen. Ikatza erabiltzen zuten gehienak adinekoak ziren, eta ikaztegira joan behar izaten zuten ikatz zakuen bila. Gero, eskaileretatik igo behar izaten zituzten etxera haiek". Arazo horren aurrean, irtenbide bila hasi ziren. "Kuadrila eta talde desberdinetako kideak elkartu ginen, eta zapatuetan ikatza banatzen hasi ginen kamioi bat hartuta. Diruz irabazitakoa eta propinetan jasotakoa Krispinen familiari ematen genion". Larunbat askotan jardun zuten ikazkinaren lana egiten.

San Jose egoitza

San Jose Egoitzaren sorreran ere bere alea jarri zuen Arenasek. Miserikordiari irtenbide bat aurkitzen hasi ziren. "Eraikin hura ez zegoen egoera onenean. Ibaiaren ondoan zegoelako-edo sekulako hezetasuna zuen etxeak, ez zuen igogailurik eta gelak oso handiak eta bateratuak ziren". Era berean, azkoitiarrak gogoan du Arrasateko Ospitale Psikiatrikoan 27 azkoitiar zeudela orduan. "Medikuen arabera, han zeudenetatik askok hemen bizitzeko aukera zuten, beti ere haiei erantzuteko egoitza duin bat edukita".

1978. urtean iritsi zen Oñatitik hona Josefa Villalba Ama Nagusia, eta hark Miserikordia eraikina konpontzeko edo egoitza berria egiteko laguntza eskatu zuen. "Horrela, elkartez elkarte hasi ginen ginen mojarekin arazoa zein zein azaltzen. Lanekin hasteko dirua behar genuen, eta Madrildik dirua lortzeko lanei ekitea eskatzen ziguten. Horren aurrean, udalak eta eragileek zein norbanakoek osatutako batzorde bat eratu zen. Udalak bazituen lurrak, baina egoitza egiteko dirua falta zen. Izan ere, aurrekontua 80-90 milioi pezetakoa zen".

Gero, Inazio Uria enpresari zenarengana jo zuen Arenasek. "Obrak hark egingo zituela jakinda, hondeatzailea hango lurretan sartuko al zuen galdetu nion. Makina ekarri zuen Uriak, eta Santa Kutzen ere beste lan batzuk egiten ari zirela baliatuta, buzoa eta kaskoa jantzita argazkia atera genuen, Madrildik lanean hasi ginela ikusteko". Urrats hori egin ondoren, herritarren diru ekarpenak lortzen saiatu ziren. "Langileengana jo genuen orduan, hilean 100 pezeta emateko prest ote zeuden galdetzeko. 100 pezetako ekarpena egiteko hiru urteko konpromisoa hartu zuen bakoitzak. Enpresetako nagusiengana ere jo genuen, eta nagusiei galdetu genien langilei bakoitzeko beste 100 emateko prest al zeuden. 16 milioi pezeta lortu genituen modu horretan, eta egoitza eraikitzen hasi ziren". Udalak 42 milioi pezetako diru ekarpena egin zuen, Espainiako Ministeriotik 30 milioi jaso zituzten, eta gainerako 16 milioiak herritarren eta enpresen bitartez lortu zituzten. "Kudeaketa asko eta lan ikaragarriren ondoren egoitzako lanak hasi ziren, eta 1981. urtean inauguratu zen egungo San Jose egoitza".

Kooperatiban eta ikastetxean

1974. urtean, kooperatiba munduan murgiltzea erabaki zuen. "Lanpostu gutxi zegoen herrian, bereziki emakumeentzat. Laboral Kutxaren bulegoak oso ondo funtzionatzen zuen orduan; izan ere, irailerako betetzen zituen urte guztirako egindako aurreikuspenak. Oso harreman ona genuen entitate harekin". Luis Iriondo azkoitiarra zen garai hartan Laboral Kutxako produkzio zuzendaria. Batzorde bat eratu zuten hasteko, Laboral Kutxak Basarteko industrialdean lursailak erosi zituen gero, eta 1980. urtean Basarte izeneko kooperatiba sortu zuten. "Kudeaketa lanen eta porrot batzuen ondoren, tapizatutako altzariak egiten hasi ginen. Lantzen genuen produktua erraz kopiatu zitekeen, ordea". 1983. urteko abuztuan, ordea, ezbeharra gertatu zen lantegian. "Langileak oporretan zeudela, su hartu zuen, eta kalte handiak izan zituen. Kasualitatez, gainera, egun hartan uholdeak izan ziren herrian". Urte berean, Danona kooperatibak bere gain hartu zuen Basarte.

Ikastetxeko egunerokotasuna ere ezagutu zuen Arenasek, Floreaga Ikastetxeko guraso batzordeko presidentea izan zen, 1984. urtetik 1993. urtera. "Jende trebea elkartu ginen batzordean, eta bikain eraman genuen guztia. Lan asko egin ahal izan genuen". Besteak beste, Xabier Sagarzazuren oroimenezko futbol txapelketa, Kultur Jardunaldiak eta Gabon kanten jaialdia antolatu zituzten bera presidentea zen garaian. "Saltsa guztietako perexila" izan dela dio Arenasek. Saltsa guztietarako erabilitako osagaia, ordea, beti da baliagarria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide