Erretratua

Jose Antonio Zulaika: "Atletismoa taldeko kirola izan dadin saiatu gara"

Andoni Elduaien 2021ko api. 2a, 08:53
Zulaika, Gorka LarraƱagak egindako marrazkian.

Jose Antonio Zulaikaren (Azkoitia, 1960) eskuetatik ehunka ume azkoitiar pasatu da azken urteetan, eta inon aurkitzekotan bidegorrian izango da, ia beti han ibiltzen baita gaztetxoen gidari lanak egiten. Atletismoan murgiltzea erabaki zuenetik, herria atletismoari josteko orratz garrantzitsueneko bat izan da.

Z ulaika 18 urte zituenean murgildu zen atletismoaren munduan. Bere aita zenak hartutako bideari ekin zion horrela. "Beti gustatu izan zaidan zerbaitetan hastea erabaki nuen: antxintxika". Halere, gaur berak gazteei ematen dien aholku bat bete gabe hasi zuen atletismoko ibilbidea. 1978. urtean, Donostiako lehen maratoian parte hartu zuen. "Gehiegi prestatu gabe" joan zen probara; izan ere, gogoan du gero zeinen gaizki pasatu behar izan zuen. "Oso gaizki amaitu nuen maratoia. Arratsaldean mezatara joan ginen, eta aitak esan zidan Jauna hartzera abiatu ginenean praketan kaka egin izan bagenu bezala geundela. Oker-oker eginda". Era berean, maratoiaren ondorengo astelehena jai hartu behar izan zuen lanetik. "Gerritik behera bikoitza sentitzen nintzen; oinez ere ezin nuen ibili. Berriz berdina eginez gero, kaleratu egingo ninduela esan zidan nagusiak". Lehen maratoi hura ez zitzaion etsigarria suertatu, ordea, Zulaikari, eta proban berriro parte hartzeko kalkuluak ateraz, antxintxika "sarri-sarri" hasi zen.

Zulaika, eskuinean, lagun batekin eliz atarian.

Garai hartan, atletismoa "desberdina" zela dio, batzuetan korrika egiten zutenak "zorotzat" hartzeraino. "Orain, jende asko ikusten da korrika mendian. Mendira korrika joaten geu hasiko ginen hemen. Zoroak ginela besterik ez genuen entzuten jendearen partetik. Pentsa, Adidas etxea Diego Garciari arropak ematen hasi zenean, Garcia lotsatu egiten zen kalean korrika egiten, arropak koloretsuegiak zirelako. Aizpurutxo aldera joaten zen entrenatzera". Mendira joateko hautua zergatik egiten zuten kontatzen jarraitu du. "Maratoiak-eta prestatzeko, lehen ez zeuden oraingo espaloiak eta bidegorriak. Errepidean ibili behar izaten genuen, eta ibilgailuren bat baldin bazetorren, sasi artera baztertu ere bai askotan". Orduan, "sekulako afizioa" zutela dio.

Zulaika eta Pedro Muñoz, elkarrekin korrika.

Klub aldetik, ordea, "eskasia" zegoela aitortu du. "Soldadutzatik itzuli nintzenean, Julian Olanorekin batera Donostiara hasi nintzen joaten Atletico San Sebastian taldearekin entrenatzera. Gainera, prestatzaileak aste osorako entrenamenduak ematen zizkigun, guk hemen egin genitzan. Sei egunetan entrenatzen genuen. Olanok-eta jarraitu zuten gero ere Donostiara joaten, baina ni nire kabuz hasi nintzen lanean, eta korrika egiteari utzi egin behar izan nion aldi baterako". Halere, gogoan du Donostiara bueltaka nekatu egin zela jendea, eta 1986. urtean Iraurgi Saskibaloia klubaren atletismoko sekzioa sortzea lortu zutela. "Sekulako hartu-emana genuen Iraurgirekin, beti ondo moldatu ginen". 1999.ean, baina, bestela pentsatzen hasi ziren. "Gure taldearen harmarria saskibaloiari lotuta zegoelako, aldatzea erabaki genuen". Horrela, 2003. urtean sortu zuten Xeye atletismo taldea. Izena jartzeko, ordea, burua nekatu behar izan zuten. "Azkoitiarekin eta Azpeitiarekin lotura zuen zerbait nahi genuen harmarrian, eta bi herriek duten gauzarik zaharrenaz hasi ginen pentsatzen: hizkuntza. Bi herriei Azkoitixe eta Azpeitiye bezala lotura eginez, Xeye atletismo taldea sortu genuen. 2001. urtean hil zen Diego Garcia, eta hari keinu bat egin nahian, harmarriaren erdian haren irudia jarri genuen bi herrietako izenak ukituz, bata oinarekin eta bestea eskuarekin. Horrela, umeei eta gazteei atletismoko bidea irekitzen hasi ziren.

Ikaskirol kross batean omenaldia jaso zuen.

Atletismoa, taldeko kirola

Xeye taldean hasterako zen Zulaika Ikaskiroleko atletismo begiralea, eta badu orduko oroitzapenik. Bere nahietako bat izan zen bi ikastetxeetako ikasleak elkartu eta taldean entrenatzea. Badu horren inguruko pasadizo bat: "Haur batek sekulako gogoa zuen Ikaskiroleko taldean korrika egiteko, baina Floreaga ikastetxekoa zen. Orduko Ikaskiroleko buruak esan zidan nire ardura ikastolako haurren begiralea izatea zela soilik. Haur hari esan nionean ezingo zuela gurekin gehiago etorri, sekulako negarrak egin zizkidan. Hurrengo egunean haren ama ere kalean ikusi nuen, eta hark ere negar egin zidan. Pena handia eman zidaten". Hori ikusita, arazoa "lehenbailehen konpontzeko ahalegina" egin zuen Zulaikak. Artean, Azkoitiko eta Azpeitiko gazteak Iraurgi Saskibaloiaren atletismo taldean ibiltzen ziren, eta egun batean Olanoren deia jaso zuen Zulaikak. "Zuzendaritzan sartu behar nuela esan zidan, gogoarekin ikusten ninduela eta. Orduan, Ikaskiroleko arduradunari esan nion, aurrerantzean Iraurgi bezala hasiko nintzela umeak entrenatzen. Horrela hasi ginen bi ikastetxeetako ikasleak elkartu eta entrenatzen". Zulaikaren arabera, bi ikastetxeetako ikasleak elkartu eta guztiak batera entrenatzen hasi zen eskola kirol mailako "lehena" izan zen atletismo taldea Azkoitian.

Xeyeko korrikalari gazteekin, Espainiako lehian.

Izan Iraurgiren baitan edo izan Xeye taldean, Zulaika "taldeko kirola" sustatzen ahalegindu da beti. "Atletismoa lehen bakartiagoa zen, ezkutuagoan aritzen ginen, bakoitzak sekretuan gordetzen zuen berea. Gu, berriz, hori zabaltzen ahalegindu gara. Atletismoa kirol bakartia izatetik taldeko kirola izatera pasatzen saiatu gara". Eta horren inguruko beste bitxikeria bat ere kontatu du. "Arraten [Eibar, Gipuzkoa] gure taldeko bi korrikalari elkarrekin pasatu ziren helmugatik. Batek orduan amaitzen zuen lasterketa, baina besteari itzuli bat gelditzen zitzaion artean. Gogoan dut, amaitu ez zuen hark niri begiratuta ‘Zulaika irabazi dugu’ nola oihukatzen zidan. Gauza horiei balio handia eman izan diet".

Sortzailea eta antolatzailea

Atletismoan ibiliagatik, gizarteko erronkak eta bururatutako ideiak aurrera eramateko beharra sentitu izan du Zulaikak. Ttipi-Ttapa emakumeen taldea sortzeko eskakizuna jaso zuenean, esaterako, ez zitzaion ezezkoa ematea bururatu ere egin. "Ttipi-Ttapa emakume baten eskaera bategatik sortu zen. Hark esaten zidan umeekin ibiltzen nintzela baita zaharragoekin ere, eta noiz pentsatzen nuen emakumeekin hastea. Zortzi pertsona elkartzen baziren abisatzeko eskatu nion. Eta deitu zidan, zortzi ez, hamar emakume bildu zirela esateko". Taldetxoa elkartuta, taldeari forma ematen hasi ziren segituan. "Kartelak-eta itsasten hasi ginen kalean, eta Elkargunean jarri genuen bilerarako hitzordua. 30 bat lagunentzako prestatu genuen aretoa, eta 50 emakume etorri ziren gure harridurarako. Gero, 45 emakumek eman zuten izena taldean".

Lasterketa solidarioa ere martxan jarri zuten duela sei urte. Xeye taldeko kide baten haurrak minbizia zuen orduan, eta hari laguntzeko "zerbait" egin behar zutela otu zitzaion. "Ttipi- Ttapa taldeko emakumeei esan nien lasterketa solidario bat egitearen ideia nuela. Segituan, guztiak laguntzeko prest agertu ziren. Antolatzen hasi ginen pixkanaka. Taldea ez zen korrika egiteko bakarrik sortu, herrira begira zerbait antolatzeko ere bai. Horretan dihardugu bi urtetik behin".

Ttipi-Ttapako taldeekideekin korrika.

Hango eta hemengo probetako antolatzailea ere bada Zulaika, Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdian dabil lehen ediziotik. Bere ardura da Azkoitiko ibilbidea egitea, Azkoitirako boluntarioak aurkitzea, eta dortsalak zein kamisetak banatzea. Gainera, lasterketako zuzendaria da, berak irekitzen du lasterketaren bidea moto gainean.

Marka, duela 40 urte

Proba bakarren batzuk irabazitakoa da Zulaika, eta bereziki gogoan du Mutrikuko herri lasterketan lortutako garaipena. 48 urte zituela, hiru azkoitiarrek irabazi zuten lasterketa hura, Pedro Muñozek gizonezkoetan, Olatz Gabilondok emakumezkoetan eta berak beteranoetan. Lorpenen atalean, ordea, badu bat berezia; izan ere, duela 40 urte egindako marka batek berea izaten jarraitzen du oraindik. Duela 66 urte, Azkoitiko bi kuadrillak apustua jokatu zuten, herritik Debara korrika mendiz ordu eta erdian iristeko gai ziren argitzeko. Han parte hartu zutenek, Azkoitiko eta Itziarko elizak ukitu zituzten Debako plazara iritsi aurretik. Apustu hartan, Zulaikaren aita zena beste baten laguntzaile aritu zen. Debara iristeko ordu bat, 28 minutu eta 30 segundo behar izan zituzten haiek.

Mendian korrika ibiltzen zelako edo, Zulaikaren aitak sarri aipatzen zuen Azkoitia eta Deba arteko apustu hura. "Haiek egindako marka hobetuko nuela esan nion 19 urterekin, baina berak erakutsi beharko zizkidala bideak. Lehenik, Azkoititik bere baserrirainoko bidea erakutsi zidan, handik egiten baitzuen pasadizoa ibilbideak. Hamar ordu lan egin, etxera joan, jantzi eta mendira joaten nintzen. Amak askotan entsalada jartzen zidan aurrean, eta mendira joatea baino hura jatea hobe ez al nuen galdetzen zidan. Batzuetan lortu zuen, baina oso serio hartu nuen kontua. Halako batean, ikasi nuen ibilbide osoa, eta probatzea ere erabaki nuen". Zulaikak gogoratzen du ibilbidea osorik egin zuen probako aldian bareak heldu ziola, eta ordu bat eta 45 minutu behar izan zituela Debara iristeko. Halere, ez zuen errenditu pasadizo gogor hark. "Gogorra zela ikusi nuen, baina soldadutzara joan aurretik saiakera egingo nuela erabaki nuen". Soldadutzara joan aurreko astean egin zuen marka saiakera Zulaikak, 1980. eko urriaren 6an; bere aitak-eta egin zuten egun berean, baina 26 urte geroago. 08:00etan Azkoitiko eliz ataritik abiatuta, aurretik jarrita zegoen denbora hobetzea lortu zuen Zulaikak. Ordubete eta 26 minutu behar izan zituen Azkoititik Debara iristeko. Egungo gazteek bere marka hobetuko luketelakoan, Zulaikak badu gogoa gazteei ibilbide hura erakusteko. Batek daki egunen batean inork saiakerarik egingo duen. Batek daki inor Zulaikak egin duen lan guztia berdintzera iritsiko den.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide