Ainhoa Aranbarri: "Gogor entrenatzen jarraituko dut, asko baitaukat ikasteko"

Andoni Elduaien 2021ko api. 5a, 11:00
Ainhoa Aranbarri.

Tapiz gainean txiribueltak egitetik, lokaztutako belarretan egitera pasatu da Ainhoa Aranbarri (Azkoitia, 1996). Gimnastika erritmikoan lehiatzen zuen lehen, eta errugbian jokatzen du orain. Kirol oso desberdinak izan arren, diziplina eta gogoa bietan behar direla nabarmendu du.

G imnastika erritmikoa eta errugbia. Kirola dira biak, baina gainontzean zuria eta beltza. Ainhoa Aranbarrirentzat (Azkoitia, 1996), ordea, biek dute zerbait erakargarria. Umetan hasi zen gimnastika erritmikoa egiten, eta ia oraintxe arte ibili da kirol horren bueltan. Ikasturte berriarekin, baina, errugbia probatzeko aukera sortu zitzaion, eta ezin ezetzik esan. Lau hilabete geroago, Eibarko emakumezkoen lehen taldeko jokalaria da.

Betidanik izan al zara kirolaria?

Bai, eta kirol bat baino gehiago egin izan ditut, gainera. Umetan, eskolako multikirolean ibiltzen nintzen, eta horretaz gain, igeriketa eta gimnastika erritmikoa ere egiten nituen. Iritsi zen momentu bat kirol denak batera egin ezin nituena, eta igeriketa eta multikirolak utzi eta gimnastika erritmikoan zentratzea erabaki nuen. 9 urte nituela hasi nintzen gimnastika erritmikoan eta 20 bat urterekin utzi nion kirol horretan lehiatzeari.

Zergatik utzi zenuen gimnastika erritmikoa?

Behar bezala entrenatzeko denborarik ez neukalako. Garai hartan, ikasten eta lanean ari nintzen, eta ez nintzen denera iristen.

Pena eman al zizun?

Bai, horrenbeste urte eta gero, ez da erraza dena uzteko erabakia hartzea. Hala ere, egia da aurretik behin baino gehiagotan pentsatu izan nuela lagatzea; "hau da azken urtea", esaten nion neure buruari, baina gero jarraitu egiten nuen.

Zergatik pentsatu izan zenuen lagatzea?

Gimnastika erritmikoa oso kirol gogorra da, asko-asko entrenatzea eskatzen du eta entrenatzaileak asko exijitu izan digu beti. Gogoan dut kimuen kategorian, 10-11 urterekin, astean hirutan eta egunean bi ordu eta erdiz entrenatzen genuela; eta geroxeago, ostiral arratsaldeak eskolatik jai izaten genituenean, sei orduko entrenamenduak egiten genituen ostiraletan, 15:00etan hasi eta 21:00ak arte. Gabonetako oporretan ere, 09:00etan hasten ginen entrenatzen, eta ez genuen jakiten noiz bukatuko genuen. Asteburuetan, berriz, lehiatu egiten genuen, Gipuzkoa eta Euskadi mailan. Emaitzak etortzen zirenean ondo, baina etortzen ez zirenean gaizki pasatzen nuen, neure buruarekin oso zorrotza naizelako. Horregatik, inoiz pentsatu izan nuen lagatzea ere.

Gimnastika erritmikoko garaiekin akordatzen zarenean, momentu gozoak ala gaziak etortzen zaizkizu burura?

Bietakoak ditut gogoan: momentu oso onak bizitzea egokitu izan zait, baina baita oso txarrak ere. Horrenbeste entrenatu arren, azkenean tapiz gaineko minutu horietan egiten duzunak bakarrik balio izaten du, eta gauzak ez dira beti nahi bezala irteten. Oraindik orain, ederki akordatzen naiz zein izan zen nire egunik txarrena: Euskadiko txapelketako saio bat. Bakarrik egin behar nuen erakustaldia, uztaiarekin, ondoen moldatzen nintzen tresnarekin. Egun hartan, jaurtiketa guztiak urrunegi bota nituen, eta azkeneneko jaurtiketan, lurrera erori zitzaidan uztaia. Zuri gelditu nintzen, ahaztu egin zitzaidan prestatuta neukan guztia. Uztaia bota, komunean sartu eta nolako negar saioa egin nuena.

Merezi izan al zuen horrenbesteko ahaleginak?

Momentu haietan, batzuetan baietz erantzungo nukeen eta besteetan ezetz, lortzen nuen emaitzaren arabera. Maitasun-gorroto harreman moduko bat neukan gimnastika erritmikoarekin, eta obsesio puntu bat ere bai. Asko gustatzen zitzaidan, baina etxera iristean ez nuen nahi izaten inork ezer galdetzerik. Burua martxan izaten nuen denbora guztian: zer egin behar nuen, nola, zer neukan hobetzeko... Bolada batzuetan entrenatzera ere urduri joaten nintzen, eta ez umetan, 16 bat urte nituela baizik. Gainera, lehia handia zegoen gure artean. Astean zehar taldean entrenatzen genuen, baina asteburuetan taldekideak lehiakide bihurtzen ziren, eta konturatzen nintzen lagunak ondo egiteak poz ematen zidala, baina tamainan; nahiago nik baino hobeto egiten ez bazuen. Denborarekin eta urteekin ohartzen joan naiz gauzak beste era batera hartu beharra dagoela, lasaiago edo. Eta orain esango nuke baietz, egindakoak merezi izan zuela, orduan bizitakotik gauza pila bat ikasi ditudalako: ahalegintzearen garrantzia, diziplina, neure burua ezagutzea, kontrolatzea... Naizena naiz horri guztiari esker.

Utzi zenuenetik, izan al duzu gimnastika erritmikora bueltatzeko gogorik?

Ez, eta gainera ez dut uste nire gorputzak ahalko lukeenik. Horrenbeste urtean horrenbeste entrenatzeak bere ondorioak ditu, gorputz bakoitzak bere mugak ditu, eta gimnastika erritmikoari dagokionean iritsi nintzen nire mugara. Etapa hori bukatu zen.

Praktikatzeari utzi zenion arren, kirol horri lotuta jarraitu duzu beste urte batzuetan...

Umeak entrenatzen ibili naiz ondoren, bai Azkoitian eta bai Legazpin, baita epaile lanetan ere.

Zer moduzko entrenatzailea izan zara?

Nik uste dut entrenatzaile oso gogorra izan naizela. Niri hala erakutsi zidaten, eta ez dut irakasteko beste modurik ezagutzen.

Duela urte eta erdi inguru utzi zenituen gimnastika erritmikoari lotutako jarduerak, eta orain, errugbian hasi zara. Nolatan?

Enpresa batean ari nintzen lanean, ekoizpen departamentuan, eta konfinamendu garaian lanik gabe geratu nintzen. Lasai hartzea erabaki nuen, aurrerantzean zer egin nahi nuen pentsatzeko. Administraritzako ikasketak eginda izan arren, ez nuen neure burua bizitza guztian bulego batean ikusten. Mugimendu gehiago behar nuela iruditzen zitzaidan, eta halaxe, Egokitzapen Fisikoko goi mailako zikloa egiten hasi nintzen irailean, Eibarren. Han ezagutu berri nuen gelakide batek komentatu zidan jendea behar zutela Eibar Rugbi Taldeko emakumezkoen bigarren talderako, eta probatzera joatea erabaki nuen.

Zerbait bazenekien errugbiari buruz?

Ezer gutxi, noiz edo noiz telebistan ikusita zerbait, baina sekula jokatu gabea nintzen.

Zer moduz joan zen proba?

Ondo. Niri gustatu egin zitzaidan, eta errugbikoek taldean hasteko aukera eman zidaten.

Entrenatzen hasita, zeintzuk izan ziren lehendabiziko inpresioak?

Taldekideek eta entrenatzaileak oso ondo hartu ninduten, egundoko pazientziarekin, dena goitik behera azaldu behar izaten baitzidaten: noiz bota neure burua, noiz joan atzera, noiz aurrera, faltak... Neuk, berriz, traba egiten nuen sentipena neukan hasieran, entrenamendua izorratzen ari nintzaiela, behin eta berriz gelditu behar izaten baitzuten nigatik.

Hilabete batzuk badaramatzazu taldean. Zer moduz orain?

Askoz hobeto; oraindik badaukat zer ikasia, baina asko aurreratu dut. Gainera, entrenatzen hasi eta aste batzuetara lehen taldearekin fitxa egiteko aukera eskaini zidaten. Esan zidaten gustura zeudela nirekin eta iruditzen zitzaiela denborarekin jokalari ona izatera irits naitekeela. Hori entzuteak egundoko poza eman zidan, baita egunero entrenatu ahal izateko aukera ere, lehen taldeko jokalariak kirolari erdi-profesionaltzat dituztelako. Astean lautan gimnasiora joaten naiz taldekoekin, hirutan bestelako entrenamendua izaten dugu, eta asteburuetan partida. Oraindik ez dut aukerarik izan lehen taldearekin jokatzeko, baina hori lortzeko lanean jarraituko dut.

Zer du errugbiak erakarri egiten zaizuna?

Taldeko kirola izateak asko laguntzen du, eta taldean dagoen giroa da onena. Era askotako jendea gaude, baina ezin hobeto moldatzen gara. Gainera, entrenamendu guztiak desberdinak izaten dira. Gimnastika erritmikoan, aldiz, koreografia bat izaten nuen, eta hura egin behar izaten nuen behin eta berriro.

Eta jokatzeko, zer moduzko kirola da errugbia? Ematen duen bezain basatia al da?

Kontaktuko kirola da, eta batzuetan hartzea tokatzen da, baina geroz eta gutxiago. Hasieran, golpez beteta iristen nintzen etxera, batez ere ondo erortzen-eta ez nekielako, baina ari naiz ikasten.

Zein da gogorragoa: gimnastika erritmikoa ala errugbia?

Ez dut uste oraindik konparaketa hori egiteko moduan nagoenik, batean 11 urtez aritu nintzelako eta bestean lau hilabete daramatzadalako. Bietan ematen dut daukadan onena, baina oraingoz errugbian nitaz espero dutena eta neure buruaz espero dudana ez da gimnastika erritmikoan zenaren parekoa. Beraz, alde horretatik, eta oraingoz, gimnastika erritmikoa gogorragoa dela esango nuke; aldiz, errugbiak denbora gehiago kentzen dit.

Gimnastika erritmikoan ikasitako zerk balio dizu errugbirako?

Diziplinak eta kirola praktikatzeko orduan jartzen dudan gogoak eta indarrak. Gimnastika erritmikoko entrenatzaileak erakutsitako balioak dira horiek, eta dagoeneko neure parte dira.

Zer asmo dituzu etorkizunerako?

Ikasketei dagokionean, gustatuko litzaidake goi mailako zikloa bukatu eta horrekin zerikusia duen lanen bat topatzea. Kirol arloari dagokionean, berriz, errugbian gogor entrenatzen jarraituko dut, asko daukadalako ikasteko eta hobetzeko; eta gimnastika erritmikoan, gustatuko litzadake egunen batean berriz epaile lanak egitera bueltatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide