Madariagako San Isidro baseliza eraberritzeko lanak hasiko ditu Azkoitiko Parrokiak

Nerea Uranga 2021ko mar. 11a, 20:50
Madariagako San Isidro baseliza. (Argazkia: Andoni Elduaien)

Madariagako baseliza berritzearekin batera, auzoa biziberritu nahi dute. Apaizetxea saldu du Parrokiak, baselizari teilatu berria egiteko. 250.000 euroko aurrekontua dute eraberritze lanek, eta hori ordaindu ahal izateko Denon artean lortuko dugu diru bilketa kanpaina hasi du Azkoitiko Parrokiak.

Madariagako San Isidro baseliza eraberritzeko lanak hasiko ditu Azkoitiko Parrokiak aste honetan bertan, eta obra hori finantzatzeko diru bilketa hasi du. Ermita eraberritzeaz gainera, Madariaga auzoko eta bailarako garai bateko giroa berreskuratu nahi dute. Hala adierazi du Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak: "Nik ez nuen ezagutu, baina esaten dutenez, garai batean jende asko ibiltzen eta elkartzen zen Madariagan. Pandemiak erakutsi dizkigun kontu guztiekin, naturaz inguratutako toki horiek merezi dute, eta berreskuratu egin behar ditugu". 

Madariagako eta hango baselizaren egoerarekin bailarako bizilagunak kezkatuta azaldu direla adierazi du Azurmendik, eta horri kasu eginez egin du hango baseliza berritzeko proiektua Azkoitiko Parrokiak. "Madariaga bailarakoak esaten ari ziren baseliza oso egoera tamalgarrian zegoela, eta egia da. Gainera, Azkoitiko udalerrian eraberritu gabe gelditzen zen eliza bakarra da". San Isidro baseliza eraberritzeko proiektua egitea erabaki aurretik kontuari "buelta asko" eman dizkiotela gaineratu du erretoreak, "ez baitira garai optimistenak". 

Apaizetxea salduta, teilatu berria

Egingo duten aurreneko lana baselizaren teilatua berritzea izango da. Horretarako dirua lortzeko, Madariaga auzoko Apaizetxea saldu egin du Azkoitiko Parrokiak. "Bailarako bizilagun batek erosi du Apaizetxea, han taberna edo antzeko zerbait jartzeko eta bertan bizitzeko. Salmentako diruarekin ermitako teilatua konponduko dugu. Beraz, teilatu berria finantzatua dago". 

Baselizaren teilatuaz gainera, barrualdea ere eraberritu egingo du Parrokiak, erabat hondatua dagoelako. Ermitaren izaera errespetatuz egingo dute eraberritzea, Azurmendiren arabera. Hormak eta zorua berritzeaz gainera, argindarraren, berogailuaren eta megafoniaren azpiegitura berriak jarriko dituzte nahiz erretaula eraberrituko dute. "Hori dena egin beharra daukagu, ezin dugu guztia erortzen utzi", esan du erretoreak. Barrualdea berritzearen aurrekontua 150.000 eurokoa da.

180 urte inguru ditu Madariagako San Isidro baselizak, baina barrualdean aurretik bailaran izandako beste bi ermitetatik berreskuratuko elementuak ere gordetzen ditu. Hala kontatu du Azurmendik: "Garai hartan bailaran zeuden San Juan eta San Sebastian baselizak eraitsi egin zituzten, eta haien barruan zeuden hainbat gauza San Isidro ermitan gorde dira. Beraz, baseliza hori baino aurreragoko gauzak ere gordetzen dira; adibidez, erretaula". Ondare hori guztia galtzen ez dela utzi behar adierazi du erretoreak: "Ondare txiki bat da eta zaindu egin beharra dago, ezin dugu erortzen eta galtzen utzi".

Diru bilketa

Baselizaren teilatua nahiz barrualdea berritzeko behar duten dirua biltzeko Denon artean lortuko dugu kanpaina abiatu du Azkoitiko Parrokiak. "Diru asko behar da, eta ekarpena bailarako bizilagunek bakarrik ezin dute egin, eta Azkoitiko Parrokiarentzako ere diru asko da. Beraz, diru ekarpenak egiteko eskea herrira zabaldu dugu, laguntza txiki askorekin osatuko dugula espero dugulako. Gure asmoa ez da bakoitzari asko eskatzea, lagundu nahi dutenek ekarpen txiki bat egitea da eskatzen duguna".

Eskuorriak atera dituzte dirua biltzeko kanpainaren berri emateko. Bertan, baselizaren eraberritzearen aurrekontua azaldu dute, baita diru ekarpenak egiteko banketxeetako kontu korronteen zenbakiak eman ere. Honako banketxeetan dituzte kontuak: Laboral Kutxa, Kutxabank, Banco Sabadell, Cara Rural de Navarra, Banco Santander, BBVA eta Caixabank. Diru ekarpena kontu korronteen bidez egiteaz gainera, eskuz ere egin dezakete herritarrek Azkoitiko Parrokian bertan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide