Txertoa hartzeko izena eman dezakete dagoeneko unibertsitatetik kanpoko hezkuntzako langileek

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 10a, 17:00

Aste honetan hasiko dira txertaketak lan arloko hainbat sektoretan. Goizean ireki dute izen-ematea unibertsitatetik kanpoko hezkuntza arloko langileentzat, eta gaur jasoko dute aurreneko dosia horietatik 1.717k.

Aurrera doa txertaketa prozesua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Joan zen astean 90 urtetik gorako pertsonak txertatzen hasi ostean, aste honetan ekin diote 80 urtetik gorakoei txertoa jartzeari. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, atzo jakinarazi zuen lan arloko hainbat sektoretan ere aste honetan hasiko direla txertaketak. Langile kolektibo horien artean daude, besteak beste, unibertsitatetik kanpoko hezkuntza arloko langileak: alegia, irakasleak; sukalde, garbiketa eta garraio zerbitzuetako langileak eta atezaintzan edo administrazioan aritzen direnak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 35.000 behargin inguru dira sektore horietan, eta AstraZenecaren txertoa jasoko dute.

Haur Hezkuntzan eta Hezkuntza Berezian jarduten duten beharginak hasita daude txertaketa prozesuarekin, baina unibertsitatetik kanpoko gainontzeko hezkuntza-langileak murgilduko dira kanpainan aste honetan. Txertoa jartzeko ordua eska dezakete jada —betiere, 55 urtetik behera badituzte eta azken hilabeteetan COVID-19a izan ez badute—. Gaur goizean ireki dute izen-ematea, eta ia 12.000 langilek daukate hitzordua dagoeneko, eguerdiko datuen arabera. Horietatik 1.717ri gaur jarriko diete txertoaren aurreneko dosia.

Sektore horretako langileek hurrengo astelehenera arte —martxoaren 15era arte— izango dute zabalik izen-ematea. Ordua hartzeko, Osakidetzak SMS bidez igorri dien mezua ireki eta barruan dagoen estekan sartu beharko dute. Mezurik jaso ez dutenen kasuan, aurretiko hitzorduen zerbitzua erabil dezakete, Osakidetzaren webgunean edo aplikazioan sartuta.

Ondorengo sektoreetan ere aste honetan jarriko dituzte martxan txertaketa kanpainak:

  • Bilboko eta Pasaiako portuetako langileak
  • Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko langileak
  • Fisioterapeutak
  • Osasun Publikoko laborategietako langileak
  • Gazteen justizia-zentroetako langileak
  • Psikologiako langileak
  • Podologiako langileak
  • Optometristak
  • Albaitariak
  • Hortz-protesigileak
  • Arrantzaleak
  • Aterpetxeetako langileak
  • Migratzaileen eta errefuxiatuen harrera-zentroetako profesionalak

Bestalde, honako sektoreetan txertaketekin jarraitzen dute aste honetan:

  • Ertzaintza
  • Udaltzaingoak
  • Espainiako Polizia eta Guardia Zibila
  • Suhiltzaileak
  • Etxeko Arreta Zerbitzuko langileak
  • Haur Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko hezkuntza-eremuko langileak
  • Espetxeetako funtzionarioak
  • Farmazia bulegoetako langileak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide