Miguel Angel Llamas: "Uste dut auzia berriz irekitzeko aukera paregabea dagoela"

Julene Frantzesena 2021ko mar. 18a, 13:16
Miguel Angel Llamas 'Pitu'.

Joan zen astean estreinatu zuten Mikel Zabalzaren hilketari buruzko 'Non dago Mikel?' filma, eta harrerarekin "oso gustura" da 'Pitu'. Asteburuan, Azkoitiko Baztartxo antzokian emango dute lana.

Nolatan hasi zineten Non dago Mikel? lana egiten?

Hamar urte igaro dira proiektuarekin hasi nintzenetik. Aezkoako [Nafarroa] bizilagunek eta Mikel Zabalzaren familiakoek dokumental bat egiteko eskatu ziguten; izan ere, ikusten zuten belaunaldi gazteek ez zekitela oso ongi nor zen Mikel, zer gertatu zitzaion, zer testuingurutan hil zuten…

Informazio bilketa handia eskatu al dizue lana osatzeak?

Bai. Bereziki, hainbeste urte pasatu ondoren, oso sakabanatuta zegoelako garai hartako jendea; zaila izan zen haiekin harremanetan jartzea. Bestetik, Zabalza auziak buelta ikaragarri eman ditu, eta zaila zen bildutako informazioaren artean ez galtzea.

Nolakoa izan da ikus-entzunezkoa egiteko prozesua?

Prozesua oso luzea eta gorabeheratsua izan da. Lehenik, herritar askoren borondatea biltzen saiatu ginen, finean proiektuak oso izaera herrikoia zuelako eta denen laguntza nahiz parte hartzea eskatzen zituelako. Gero, finantzazioa… Horrekin ere buruhauste handiak izan ditugu. Dena den, laguntza asko jaso dugu leku guztietatik, eta eskertzekoa da hori.

Zer helburu jarri zenioten zuen buruari lana egiten hastean?

Gure helburu nagusia zen Mikel Zabalzari gertatu zitzaiona kontatzea. Bere garaian emandako bertsio ofizial haren aurrean herriak bizi izan zuena erakustea nahi genuen, eta horrekin batera, agerian utzi gure historiaren itxi gabeko kapitulu bat dela; izan ere, inork ez du onartu Mikel torturapean hil zutela Intxaurrondon. Bestalde, torturaren existentzia salatu nahi genuen. Bistan da helburu horiek lortu ditugula; ez genuen espero dena hain ongi ateratzea.

Ion Arretxe da filmeko protagonistetako bat. Zergatik?

Mikel Zabalza hil egin zuten, eta beraz, hark ezin du kontatu zer gertatu zen; eta hil zutenek ere ez dute egingo. Espainiako estatuak ez du horren guztiaren inguruko informaziorik eman. Zabalzari zer gertatu zitzaion jakiteko, berarekin batera atxilotu zituztenen testigantzak soilik ditugu, eta horietako bat da Arretxerena. Dokumentalean Mikel Zabalzaren ahotsa da. Are gehiago: Arretxek hitz egokiak erabiltzen ditu tortura zer den azaltzeko. Hark oso modu zehatzean adierazten du zer bizi izan zuen Intxaurrondon, eta horregatik, torturatu guztion ordezkaria bihurtzen da Non dago Mikel? filmean.

Zu ere torturatua izan zinen, ezta?

Bai, Guardia Zibilak atxilotu eta inkomunikatu egin ninduten 1999an. Gertatutakoarekin inolako harremanik ez banuen ere, autoinkulpatu egin nintzen. Tortura modu sistematikoan erabili dela onartu nahi ez dutenek hauxe galdetu beharko liokete beren buruari: errugabea den pertsona batek zergatik hartzen du egin ez duena bere gain, espetxera joateko arriskua onartuz? Inkomunikatuta zaudenean, zer gertatzen da guztiz iluna den espazio horretan zuk nahi ez duzun gauzak onartzeko?

Zer izan da zuretzat torturaren gaia lantzea?

Askotan esaten dut torturatu nindutenekiko mendeku txiki bat izan dela film hau egitea. Izan ere, torturatuok ez dugu justizia handirik espero. Zeinek zigortu behar ditu guardia zibil eta polizia horiek? Inpunitate osoz torturatzeko agindu eta horretarako aukera eman zien sistemak? Ezin dugu Espainiako justizia sistematik justiziarik espero, eta horrelako lanen bitartez lor dezakegun gauza bakarra da Espainiak egia aitortzea eta zer egin zuten agerian uztea. Borroka honetan nire ekarpena da filma.

Urola Kostako Hitza egunkariak argitaratutako elkarrizketa. Irakurri osorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide