'Dena aldatu, sistema arrakalatu' lelopean, hainbat herritar kalera atera dira Azkoitian

Anartz Izagirre 2021ko mar. 8a, 20:20

Ozen entzun dira kalera atera diren herritarren aldarriak gaur, Martxoak 8, Azkoitian. Sostenipe talde feministak deitu du arratsaldean egin den elkarretaratzea, eta hainbat herritarrek bat egin dute deiarekin.

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna da gaur, hilak 8, eta urtero moduan askotariko ekintzak izan dira egun osoan zehar. Arratsaldean, Sostenipe talde feministak deituta hainbat herritarrek parte hartu dute Dena aldatu, sistema arrakalatu lelopean plazan egin den elkarretaratzean.

Talde feministak adierazpen bat irakurri du kontzentrazioaren amaieran, eta, bertan, pandemiak "zaintza krisia" eragin duela adierazi dute: "Bat-batean agerian geratu da orain artean ezkutuan konpontzen ziren zaintza lanak bizitzari eusteko funtsezkoak direla. Lehertu zaiguna, beraz, zaintza krisi bat da, eta aurreko krisialdietan bezala emakumeak* izan gara kolpatuenak".

Bestalde, "kapitalismoaren zapalkuntza" ere salatu dute Sostenipekoek: "Kapitalarentzat gure bizitzek ez dute apenas baliorik, eta heteropatriarkatuak eta arrazakeriak balio hori lan esku merkera mugatzen dute. Ildo beretik, Martxoaren 8 honetan "sistemaren erro arrazista" salatu dute: "Gorputz zurioi dagokigu gure pribilegioen eta gure praktika arrazisten eraldaketa arduraz egitea, baina baita gure jardun militantetik egiturazko kolonialismoari aurre egitea ere". Adierazpenaren amaieran, berriz, Euskal Herri "burujabe, feminista eta antiarrazista" aldarrikatu dute.

Egun osoko Martxoaren 8a

Goizean ere izan dira Martxoaren 8aren bueltako ekitaldiak. Hain zuzen ere, Azkoitia BHIn elkarretaratzea egin dute, eta hainbat ikasle batu dira Emakume langileon interesen defentsan, ikasleok antolatu! lelopean egin den kontzentrazioan. Bestalde, Azkoitiko Udaleko alderdi guztietako ordezkariak Xebas Larrañaga eskultoreak egindako Emakumeen oroimenez eskulturaren aurrean elkartu dira, eta gizonen nahiz emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatu dute bertan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide