Azken hiru egunetako probetan bi kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko mar. 8a, 13:01

Larunbateko eta atzoko probetan kasu bana atzeman zituen Osasun Sailak herrian. Intzidentzia tasa 83,45ekoa da Azkoitian. Aurrerantzean Jaurlaritzak utzi egingo dio 500eko intzidentzia tasa neurgailu gisa erabiltzeari.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du pandemiaren egoerari buruzko txostena, eta han jakitera eman duenez Azkoitian bi kasu positibo atzeman dituzte ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno probetan. Zapatuan eta atzo kasu bana zenbatu zituen Osasun Sailak herrian. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasak, berriz, behera egin du zerbait, baina ez da nahikoa izan eremu horitik berdera pasatzeko. 83,45ekoa da gaur-gaurkoz Azkoitiko intzidentzia tasa.

Urola Kosta eskualdean, berriz, guztira 22 kasu positibo hauteman ditu Osasun Sailak. Joan den astelehenean Jaurlaritzak emandako datua baino zerbait apalagoa da gaur emandakoa; izan ere, martxoaren 1ean jakinarazi zuen 23 lagunek eman zutela positibo. Eskualdean, larunbatean zenbatu zituzten kasu gehien: hamar. Atzo, igandea, zazpi kasu atzeman zituzten eta bost kasu ostiralean egindako probetan.

Herriei erreparatuta, Zarautzen eta Orion zenbatu dituzte kasu positibo gehien: sei eta lau, hurrenez hurren. Zarautzen, kasu bat detektatu zuten ostiralean, bi larunbatean eta hiru atzo. 94,23koa da intzidentzia tasa han, eta beraz, behera egin du zenbatekoak. Orion, berriz, hiru kasu baieztatu zituzten ostiralean, eta bat larunbatean; intzidentzia tasak behera egin du Orion ere, eta orain 130,46koa da.

Bi herri horien ondoren, hiruna kasu atzeman dituzte Azpeitian eta Zestoan. Azpeitian kasu bakarra zenbatu zuten zapatuan eta bi atzo, igandea. Intzidentzia tasak nabarmen egin du behera Azpeitian, eta 151,12an kokatu da. Zestoan, berriz, kasu bat detektatu zuten ostiralean eta bi larunbatean. Eskualdeko intzidentzia tasa altuena dute Zestoan; ostiraletik behera eginda, 539,29koa da gaur-gaurkoz.

Zumaian, bestalde, bi kasu zenbatu dituzte azken hiru egunetan, bana larunbatean eta igandean. Kasu metatuen tasak, gainera, gora egin du han, eta 111,94koa da orain. Aizarnazabalen eta Errezilen ere zenbatu dituzte positiboak; kasu bana baieztatu dute herri bakoitzean, bietan larunbatean. Zumaian bezala, Aizarnazabalen eta Errezilen ere gora egin du intzidentzia tasak, eta 260,08an eta 322,06an kokatu dira, hurrenez hurren. Aian, Beizaman eta Getarian, aldiz, ez dute kasu positiborik hauteman.

Jaurlaritzak, gainera, utzi egingo dio 500eko intzidentzia tasa neurgailu gisa erabiltzeari; halere, datua ematen jarraitzen du erakundeak. Orain arte, kopuru hori hartzen zuen erreferentziatzat zenbait herritan neurri are murriztaileagoak ezartzeko. Ondorioz, 500eko muga gainditzen zuten udalerrietan, taldeko kirola eta eskola kirola debekatu egiten zituen, eta orain dela gutxira arte ostalaritza guneek ere ateak itxi behar izaten zituzten. Aurrerantzean, ordea, Jaurlaritzak ez du erabiliko neurgailu hori, ez duelako beharrezko ikusten. Izan ere, uneotan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako hiru udalerrik bakarrik gainditzen dute 500eko intzidentzia tasa

300 positiboen azpitik

Atzo, igandean, 261 kasu positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.125 test egin zituzten, eta 214 positibo zenbatu zituzten. Positibotasun tasa, beraz, %4,2koa izan zen atzo hiru lurralde horietan. Lurraldeka aztertuta, 116 positibo hauteman zituzten Bizkaian, 64 Gipuzkoan eta 32 Araban. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bi laguni ere positiboa detektatu zioten. Nafarroan, berriz, 989 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta 47 kasu positibo atzeman zituzten; positibotasun tasa %4,8an kokatu da.

Ospitaleei dagokionean, 262 lagun daude egun Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta; atzo 24 lagun gehiago ospitaleratu zituzten. Horrez gain, Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn, 118 pertsona daude. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 0,91koa da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide