Intzidentzia tasa zertxobait igo egin da, baina 100dik beherakoa izaten jarraitzen du oraindik ere

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 5a, 13:41

Atzo ez zuten positiborik atzeman herrian, eta lau izan dira aste guztian zenbatu dituztenak, leheno astean baino hiru gutxiago. Hala ere, intzidentzia tasa zertxobait igo egin da joan den ostiraletik: 75,11koa zen orduan eta 91,98koa da gaur.

Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren bilakaeraren inguruan kaleratu berri dituen datuen arabera, atzo ez zuten positiborik atzeman herrian. Aste guztian, berriz, lau zenbatu dituzte, joan den astean baino hiru gutxiago. Hala ere, joan den ostiralz geroztik zertxobait igo ein da 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tas: 75,11koa zen orduan eta 91,98koa da gaur. Dena dela, oraindik ere eskualdeko tasarik baxuenetako izaten jarraitzen du Azkoitiak, eta eremu horian dago, arrisku handiko egoera adierazten duen 500eko muga horretatik urrun.

Eskualdean ere bare jarraitzen du egoerak. Atzo sei positibo hauteman zituzten, 51 izan dira aste guztian, eta 5.000 biztanletik gorako herri guztiak eremu horian daude. Azkoitiak bezlaxe, Zarautzek eta Zumaiak ere 100dik beherako intzidentzia tasak dituzte. Zumaiak du eskualdeko tasarik txikiena: 91,58. Han bost positibo atzeman dituzte aste guztian; atzo bat bera ere ez. Zarautzen hiru positibo baieztatu zituzten atzo, sei izan dira aste guztian, eta 98,51ko intzidentzia tasa dute. Oriok 179,39ko tasa du, aste guztian bi positibo atzemanda; atzo bat bera ere ez. Azpeitian, ostera, positibo bat hauteman zuten atzo, hamabost aste guztian, eta 223,39koa da tasa.

5.000 biztanletik beherako herrietan, berriz, Zestoakoa da egoerarik kezkagarriena. Atzo bi positibo izan zituzten han, hamabi aste guztian. 616,33ko intzidentzia tasa du herri horrek, eskualdeko altuena, baina herri txikia izanik, ez da Jaurlaritzaren koloreen eskeman sartzen. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten positiborik izan atzo. Azken zazpi egunotako datuei erreparatuta, Aizarnazabalen eta Errezilen positibo bana izan dute, eta Getarian bost izan dituzte. Gainontzekoetan, bakar bat ere ez.

393 positibo, Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko kutsatuen kurban ez zen gorabeherarik izan atzo. Osakidetzak eta Osasunbideak beste 393 COVID-19 kasu detektatu zituzten, herenegun adina. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, ordea, bezperan baino 2.000 test gutxiago egin zituzten atzo, eta, beraz, handiagoa da positiboen ehunekoa: zehazki, atzo 9.059 egin zituzten Hegoaldean, eta horien %4,3k eman zuten positibo. Lurraldeka, Bizkaian 163 positibo zenbatu zituzten, Gipuzkoan 88, Nafarroan 70, eta Araban 67.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako egoerari dagokionean, atzo 56 lagun ospitaleratu zituzten eta, gaur-gaurkoz, COVID-19a duten 378 herritar daude erietxeetan, horietatik 118 Zainketa Intsentsiboetako Unitateetan (ZIU). Joan den ostiralean 61 lagun gehiago zeuden ospitaleetan, eta zortzi lagun gehiago ZIUetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide