Udala herriko ostalariekin bildu da laguntzen inguruko proposamena aurkezteko

Anartz Izagirre 2021ko mar. 4a, 16:22
Azkoitiko Udalaren eta ostalarien arteko bilera, Elkargunean. (Azkoitiko Udala)

85.000 euro bideratuko ditu udalak ostalarientzako, eta laguntza horiek eskuratzeko irizpideak proposatu dituzte gaur, osteguna, Elkargunean egindako bileran. Ostalarien zabor bilketa sistemaren inguruan ere mintzatu dira gaurko bilkuran.

Joan zen astean iragarri zuen Azkoitiko Udalak 85.000 euro bideratuko zituela herriko ostalariei laguntzera, eta gaur, osteguna, ostalariekin bildu dira udaleko ordezkariak laguntza horien irizpideen inguruan hitz egiteko. Udaleko ordezkariak urtarrilaren 29an bildu ziren lehen aldiz ostalariekin laguntzen inguruan hitz egiteko; beraz, bigarren bilera izan da gaurkoa.

Ana Azkoitia Ogasun batzordeburuak azaldu ditu onuradun izateko zeintzuk liratekeen ostalariek bete beharreko baldintzak: "Gure proposamena da establezimendu bakoitzari diru kopuru finko bat ematea, eta kopuru finko horri gehitzea bigarren laguntza bat, bakoitzak kontratatuta dituen langileen eta haien lanaldien arabera". Horretarako, establezimendu bakoitzak Altan dauden Langileen Txostena (ALT) aurkeztu beharko luke eskaera egiterakoan. Azkoitiaren arabera, modu horretan ostalaritza sektorean lanean zenbat langile dauden ere jakin ahal izango lukete.

Tasetan aldaketak

Udal tasen inguruan ere hitz egin du Azkoitiak, eta nabarmendu du 2021ean ostalariei ez zaiela terrazen tasarik kobratuko. Zabor tasaren inguruan, berriz, udalak ez du ezohiko erabakirik hartzerik aurreikusten. "Lokal hutsek ere oraindu behar izaten dute zabor tasa", azaldu du Azkoitiak.

Bestalde, Ogasun batzordeburuak adierazi du neurri berriak hartzeko aukera edo beharra ikusiz gero "banan-banan" aztertuko dituztela horiek: "Orain arteko laguntzak denentzat berdintsuak izan dira, salbuespenik ez da egin, baina aurrerantzean establezimendu bakoitzaren benetako beharrak kontutan hartu beharko genituzke. Egoera ez da berdina sektore guztientzat, ezta sektore barruan dauden negozio guztientzat ere". Hain zuzen ere, langile kopurua aintzat hartzeko erabakia horrexegatik hartu dutela azaldu du Azkoitiak: "Laguntzak emateko modua justuagoa da horrela".

85.000 euroko partida horretaz gain, 2020. urtean mertakarientzat, ostalarientzat eta zerbitzuentzat beste dirulaguntza lerro bat ezarri zuen udalak. Orduko hartan 151 establezimenduk jaso zuten laguntza, eta horietatik 40 izan ziren ostalariak. 900 euroko laguntza jaso zuten horiek.

Zabor bilketa sistema

Bestalde, gaurko bileran ostalarien zabor bilketa sistemaz ere aritu dira udaleko ordezkariak zein ostalariak. Udalak errefuxa eta organikoa "banan-banan" jasotzeko proposamena egin die ostalariei, "hondakinen kudeaketaren eraginkortasuna areagotzeko". Orain arte kaleko edukiontzietara bota izan ohi dute zaborra ostalariek, eta hori aldatzea proposatu du erakundeak, gainontzeko sektoreetan —esaterako, industrian— ere hala egiten baita. Gaurko bileran ez dute gai horren inguruko erabakirik hartu.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide