Hiru positibo baieztatu dituzte herrian

Anartz Izagirre 2021ko mar. 4a, 13:20

Azkoitiko intzidentzia tasak koska bat gora egin du eta, gaur-gaurkoz, 91,80koa da. Dena dela, oraindik ere eskualdeko tasarik baxuena Azkoitiak du. Eskualdean hamabi positibo zenbatu zituzten atzo, eta Hego Euskal Herrian, 393.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman ditu atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta horien arabera, Azkoitian hiru positibo atzeman zituzten atzo, aspaldiko gehien. Ondorioz, intzidentzia tasak koska bat gora egin du eta, gaur-gaurkoz, 91,80koa da. Dena dela, oraindik ere eskualdeko tasarik baxuena Azkoitiak du.

Azkoitian bezala, eskualdean ere igoera izan da kasu positiboen kopuruan. Hamabi positibo zenbatu zituzten atzo. Kasurik gehien Azpeitian zenbatu zituzten; lau, hain zuzen. Hori dela eta, 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasak apur bat gora egin du han ere, eta 216,82koa da egun. Horrez gain, Getarian ere hiru kasu zenbatu zituzten atzo. Baziren lau egun kasu berririk hautematen ez zutela, baina atzo zenbatutako hiruekin 318,02ra igo da intzidentzia tasa.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da aldaketa handirik izan. Orion eta Zestoan kasu bana zenbatu dute, eta 179,39ko eta 590,65eko intzidentzia tasa dute hurrenez hurren. Halere, Zestoa da oraindik ere eskualdeko tasarik altuena duen herria. Bestalde, Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Zarautzen eta Zumaian atzo ez zuten positiborik hauteman. Zarautzen eta Zumaiaren kasuan intzidentzia tasak beherantz jarraitzen du —102,80koa da Zarautzen ta 111,94koa Zumaian—, eta gero eta gertuago dute bi herriek eremu berdea.

Hego Euskal Herrian, 393 positibo

Hego Euskal Herrian, guztira, 11.170 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak zein Osasunbideak, eta horietatik 393 pertsonak eman zuten positibo. Kasurik gehien Bizkaian atzeman zituzten (216), ondoren Gipuzkoan (78), Nafarroan (62) eta Araban (33). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren lau herritarrek ere eman zuten positibo. Bestalde, positibotasun tasa %3,5ekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zein Nafarroan.

Ospitaleratzeei dagokienez, Osakidetzako erietxeetan, guztira, 262 pertsona daude COVID-19agatik ospitaleratuta, atzo baino bost gutxiago; ZIUn dauden herritarrak, berriz, 124 dira, atzo baino bi gutxiago. Osasunbideak ez du ospitaleratzeen berri eman.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide