Atzoko probetan ez dute kasu positiborik atzeman Azkoitian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 2a, 13:19

Kasu positiborik atzeman ez badute ere, Azkoitiak eremu horian jarraitzen du. Intzidentzia tasa atzoko bera da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu ditu atzoko PCR eta antigeno probetako emaitzak. Azkoitian ez dute kasu positiborik atzeman. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen kopurua edo intzidentzia tasa atzoko berdina da: 75,11. Semaforo horiaren barruan jarraitzen du, beraz, Azkoitiak.

Azken zazpi egunetan bost kasu positibo zenbatu dituzte herrian. Iazko martxoaz geroztik, aldiz, guztira 915 azkoitiarrek eman dute positibo testen batean; Azkoitiko biztanleriaren %7,6ak eman du positibo urtebetean.

Urola Kostan, berriz, guztira zortzi kasu positibo detektatu dituzte atzoko probetan, duela astebete baino bi gehiago. Hain zuzen, lau lagunek eman dute positibo Azpeitian, bik Zarautzen eta banak Zestoan eta Zumaian.

Azpeitian lau emaitza positibo izan ziren herenegungo probetan ere, eta azkeneko datuak kontuan hartuta, gora egiten jarraitzen du 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak: 164,26koa zen ostiralean, 183,97koa atzo, eta 210,25ekoa gaur. Zumaian berdin mantendu da kasu metatuen tasa, eta atzo bezala, 183,17koa da une honetan. Zarautzen, ordea, atzo kasu berriak atzeman zituzten arren, behera egin du intzidentzia tasak: 145,63koa zen atzo eta 128,5ekoa da gaur-gaurkoz.

Eremu horia izaten jarraitzen dute hiru udalerri horiek, baina ez da egoera horretan dagoen eskualdeko herri bakarra. Atzokoan kasu berririk zenbatu ez bazuten ere, semaforoko argi horia piztuta dago oraindik Orion; 163,08koa da intzidentzia tasa han.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zen kasu berririk izan atzo.

425 kasu Hego Euskal Herrian

Atzo, astelehena, COVID-19a atzemateko 10.268 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian. Emaitzetan 190 positibo berri detektatu dituzte Bizkaian, 110 Gipuzkoan, 62 Araban, lau beste lurralde batzuetan eta 59 Nafarroan; alegia, 425 guztira. Positibotasun tasari dagokionez, %4,3koa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %3,4koa Nafarroan. Behera egin du, beraz, positibotasun tasak: herenegungo emaitzetan %4,7koa izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %5,4koa Nafarroan.

Une honetan 121 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ZIUetan. Atzo 36 pertsona ospitaleratu zituzten, eta guztira, 268 lagun daude Osakidetzako erietxeetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide