Irisgarritasuna hobetzeko 300.000 euroko dirulaguntza jasoko du Azkoitiko Udalak

Julene Frantzesena 2021ko mar. 1a, 17:00
Floreagako proiektuaren lehen faseko irudia.

Zehazki, 28.950 euro jasoko ditu udalak herriko irisgarritasun plana egiteko, eta Floreagan aurreneko igogailua jartzeko, berriz, 271.050 euro eskuratuko ditu. Bestalde, udala hasi da dagoeneko hilerriko eta San Jose egoitzako irisgarritasun aukerak aztertzeko azterlana egiten.

Herriaren irisgarritasuna hobetzeko, Eusko Jaurlaritzaren 300.000 euroko dirulaguntza jasoko du Azkoitiko Udalak. Hain zuzen ere, Lurralde Plagintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako laguntza irisgarritasun plan berria egiteko eta Floreagako igogailuen proiektuaren lehen fasearen zati bat finantzatzeko erabiliko ditu erakundeak.

Zehazki, 28.950 euro jasoko ditu udalak herriko irisgarritasun plana egiteko, eta Floreagan aurreneko igogailua jartzeko, berriz, 271.050 euro eskuratuko ditu. Irisgarritasun planaren aurrekontu osoa 38.600 eurokoa da, eta Floreagako proiektuarena, 617.992,17 eurokoa. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak esan duenez, dirulaguntza "garrantzitsua" da Jaurlaritzatik jasoko dutena: "Badakigu irisgarritasuna behar eta eskubide bat dela. Ahalegina egiten jarraituko dugu Azkoitia gero eta irisgarriagoa izan dadin".

Bestalde, udalak hilerriko eta San Jose egoitzako irisgarritasuna hobetzeko aukeren azterlana egingo duela jakinarazi du. Asmatu enpresak gauzatuko du lanketa, sei hilabeteko epean, eta 17.121,5 euroko kostua du lan horrek. Zubizarretak adierazi duenez, Floreagan egindako bide bera hartu dute: "Lehenengo azterketa egin behar da alternatibak edo aukerak ikusteko. Gero, bideragarria baldin bada, diru partida bat ipiniko da aurrera egiteko. Argi dago bi toki horietan garrantzitsua dela irisgarritasuna hobetzea, eta horretarako lanean ari gara”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide