Xeyeko kideak bost dominarekin itzuli dira Euskadiko Atletismo Txapelketatik

Ihintza Elustondo 2021ko ots. 28a, 17:12

16, 18 eta 20 urtez azpikoen Euskadiko Atletismo Txapelketak jokatu dituzte Donostiako Belodromoan. Dominak eskuratu dituzte Bingen Aranbarri azkoitiarrak eta Nora Zubillaga nahiz Julen Azpiazu azpeitiarrek.

Pista estaliko denboraldiari bukaera emanez, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen Euskadiko Atletismo Txapelketak jokatu zituzten atzo –larunbata–, Donostiako Belodromoan. Azkoiti-Azpeitiko Xeye atletismo taldeko neska-mutilek parte hartu zuten lehia horietan, eta, guztira, bost domina eskuratu zituzten.

Goizeko ekitaldian, Nora Zubillaga azpeitiarrak eta Bingen Aranbarri azkoitiarrak zilarrezko dominak eskuratu zituzten 18 urtez azpikoen kategorian; 400 metroko proban eskuratu zuen domina Zubillagak, eta 1.500 metroko proban Aranbarrik. Julen Azpiazu azpeitiarrak, berriz, hirugarren postua erdietsi zuen 1.500 metroko proban, 20 urtez azpikoen mailan.

Arratsaldeko saioan, zilarrezko beste domina bat eskuratu zuen Aranbarrik, 3.000 metroko proban. Azpiazuk, bestalde, urrezko domina lortu zuen 3.000 metroko lasterketan, proba bikaina egin ondoren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide