Hirunaka batzen jarraitzen du Anaitasunako nesken taldeak

Andoni Elduaien 2021ko ots. 28a, 13:43

Lehen zatian Oihane Ucinek eta bigarrenean Leire Ucinek egin dituzte Anaitasunaren golak. Multzoko lidertza ziurtatuta du Gorka Zubizarretaren taldeak.

Anaitasunako emakumezkoen lehen taldeak garaipena eskuratu du gaur ere. Deportivo Alaves B taldea jaso du Gorka Zubizarreta entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak goizean Txerloian, eta 2 eta 0 menderatu dute talde babazorroa. Oihane Ucin eta Leire Ucin izan dira gorrixen golegileak.

Presio aurreratuarekin egin dio aurre Anaitasunak Alavesen jokoari. Goizo egin du Anaitasunak neurketako lehen gola. Ainhoa Galarragak erdiratutako korner jokaldi batean Oihane Ucinek buruz aurrea hartu die Alaveseko atzelariei, eta gol ona egin du lehen zutoinaren paretik. Lehen zatiaren lehen minutuak etxeko taldearenak izan dira, baina Anaitasunak gola egin ondoren, Alavesek erosoago mugitu du baloia.

Bigarren zatian Anaitasunak espazio gutxiago eman dizkio Alavesi, eta bere zelaitik baloia jokoan ateratzeko lan gehiago izan dituzte bisitariek; bi taldeek oso gutxitan zapaldu dute area. Neurketa amaitzeko ordu laurdena falta zenean, Leire Ucinek Anaitasunaren bigarren gola egin du. Zelai erdian berreskuratutako baloi batetik sortu dute jokaldia etxekoek, eta Oihane Ucinek jokaldi eta erdiraketa ona eginda, Leire Ucinek buruz bikain amaitu du jokaldia.

Azken minutuetan, nahieran aritu da Zubizarretaren taldea. Alavesek ez du arriskurik sortu Maialen Agirre atezainaren arean, eta partida estuasunik gabe itxi du Anaitasunak. Gaurko garaipenarekin, gorrixek 40 puntu batu dituzte sailkapenean. Lehen fasea amaitzeko neurketa bakarra falta zaio Anaitasunari, eta dagoeneko ziurtatuta du multzoko lehen postua. Datorren asteburuan, Bizkerre B taldearen aurka jokatuko dute neskek, gaur-gaurkoz Anaitasunari irabazteko gai izan den talde bakarra.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide