Donostia Antzerki Saria irabazi du Iñigo Aranbarri partaide den 'Fadoak entzuten zituen gizona' antzerkiak

Andoni Elduaien 2021ko ots. 28a, 08:46
Azkoitiarra, 'Fadoak entzuten zituen gizona' antzezlanean.

Aktore azkoitiarrak parte hartzen duen antzerkiari iaz Donostian eskainitako lan onenaren izendapena eman berri diote.

Fadoak entzuten zituan gizona antzerkiak Donostia Antzerki Saria irabazi du. Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarrak parte hartzen duen Xake produkzioak ekoiztetxearen antzezlana 2020. urtean Donostian eskainitako antzerki lan onena izendatu dute.

Euskarazko antzerki profesionala sustatzeko eta indartzeko asmoz sortu zuten Donostia Antzerki Saria. Urtero, martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean antolatzen den ekitaldian ematen diote saria aurreko urtean Donostian eskainitako antzerki lan onenari. Egun horretan, gainera, ikuskizun saritua eskaintzen da Victoria Eugenia antzokian. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak euskarazko antzerki profesionala sustatzeko ematen duten saria da Donostia Antzerki Saria.

Antzezlanean, Ander Huelvako Ayamonte herrian antolatzen den fado lehiaketa amateur batera abiatuko da,  bertan parte hartzeko asmoz. Autostopean ari dela, Mariok jasoko du bere kamioian. Kasualitateak kasualitate, Anderrek eta Mariok lehenagotik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan. Berezia izango da elkarrekin egingo duten bidaia, batez ere, Masku izeneko pertsonai misteriotsuak baldintzatuko duelako.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide