Puntua banatu dute Anaitasunak eta Basconiak

Andoni Elduaien 2021ko ots. 27a, 18:06

Mikel Arzalluzek aurretik jarri du Anaitasuna, baina atsedenaldiaren aurretik bizkaitarrek markagailua berdintzea lortu dute. Urte berrian sartuz geroztik, lau neurketa irabazi eta beste lau berdindu ditu.

Anaitasunako gizonezkoen lehen taldeak beste puntu bat batu du gaur, larunbata, Txerloian. Basauriko (Bizkaia) Basconia taldea jaso dute Xabi Artetxeren mutilek Azkoitian, eta sailkapeneko aurkari zuzenetariko batekin zuen aldeari eustea lortu dute gorrixek. Bizkaitarrak partida bat gutxiagorekin daude, baina sei puntuko aldea dago bien artean. 

Lehen zatian, Anaitasunak sendotasuna erakutsi du, eta estu hartu du Basconia. Aurreratutako presio onari esker, bizkaitarrei ez diete nahieran jokatzen utzi. Abagune gutxi izan dira lehen 45 minutuetan, baina Anaitasuna Basconiaren areatik gertuago ibili da. Kontuak horrela, penalti argi baten bitartez lortu dute gorrixek markagailuan aurrea hartzea. Mikel Arzalluz aurrelariak jaurti du penaltia, eta atezaina bikain engainatuta, ez du hutsik egin 11 metrotatik. Azken lau neurketatan bost gol egin ditu Arzalluzek.

Atsedenaldira iritsi baino lehen, ordea, bisitariek norgehiagoka berdindu dute. Anaitasunaren zelaira luze jokatu duten baloi batean, bisitariak ondo atera dira hasieran erabat nahasia zirudien jokalditik, eta Mikel Ruiz atezainaren aurrean ez dute hutsik egin. 

Bigarren zatian, berriz, Anaitasunak lehen zatiko presio berari eutsi dio hasieran; izan ere, defentsa erasokor hori erakutsita emaitza onak lortu ditu taldeak. Minutuek aurrera egin ahala, eta bereziki azken minutuetan, Basconiak agindu egin du Txerloian; Mikel Ruiz atezainaren lan pixka bat eman diote. Gorrixek, gutxiago, baina zapaldu duten bizkaitarren area.

Amaieran bana, eta puntu banaketa Txerloian. Anaitasunak 2021. urte honetan neurketarik galdu gabe jarraitzen du; lau partida irabazi eta beste lau berdindu ditu Artetxeren taldeak. Anaitasuna sailkapeneko hirugarrena da, 27 punturekin. Lehen fasea amaitzeko bi neurketa besterik ez zaizkio gelditzen Anaitasunari, San Ignacioren eta Pasaiaren aurkakoak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide