Eremu horiaren eta berdearen arteko mugan dabil Azkoitia

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 26a, 13:35

Atzo positibo bat atzeman zuten herrian, eta horrekin, zazpi dira aste guztian zenbatu dituztenak. Lehengo astean baino bost gehiago dira horiek, baina, hala ere, lehengo ostiralean baino baxuagoa da intzidentzia: orduan 125,18koa zen tasa eta 75,11koa da egun.

Koronabirusaren kontrako lehian, denen helburu bihurtu den hori ukitu eta guzti egin du aste honetan Azkoitiak: eremu berdera sartzea. Asteazkenean izan zen. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 60tik beherakoa izan zen egun horretan, 58,42koa hain justu, eta egun batez eremu berdean egon zen. Atzo, ordea, positibo berri batekin, atzera berriz eremu horira itzuli zen herria; eta gaur, beste positibo batekin eta 75,11ko intzidentzia tasarekin, pixka bat gehiago urrundu da eremu berde horretatik. Hor ikusten da zein estua den eremu batetik besterako muga. Bi astean zazpi positiborekin berdean egongo litzateke herria, baina bederatzi zenbatu dituztenez horian da momentuz. Bederatzi horietatik zazpi aste honetan atzeman dituzte, eta beste biak joan den astean.

Eskualdeko intzidentzia tasarik txikiena Azkoitiak duen arren, gainontzeko herrietan ere nahiko lasai joan da astea. Guztira zortzi positibo zenbatu zituzten atzo, 74 izan dira aste guztian, eta 5.000 biztanletik gorako herri guztiak eremu horian daude, 200eko intzidentzia tasaren azpitik, eta kolore gorriko arrisku eremura sartzeko 500eko langa horretatik urrun. Azpeitian positibo bakarra hauteman zuten atzo, hemeretzi izan dira aste guztian, eta 164,26koa da hango intzidentzia tasa. Zarautzen eta Zumaian, berriz, 162ko intzidentzia tasa dute. Zarautzen lau positibo atzeman zituzten atzo, hamasei aste guztian; Zumaian, aldiz, atzo ez zuten positiborik izan eta lau izan dituzte azken zazpi egunotan. Orion Orion positibo bakarra izan zuten atzo, bederatzi aste guztian, eta 179,39ko intzidentzia tasa dute.

500dik behera Hego Euskal Herrian

5.000 biztanletik beherako herrietan ere lasaia da egoera. Getarian positibo bat baieztatu zuten atzo, hiru aste guztian; eta Aian lau izan dituzte astebetean, baina atzo bat bera ere ez. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik hauteman azken zazpi egunotan.

Hego Euskal Herrian 423 positibo atzeman zituzten atzo, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakitera eman dutenez. Denera 9.153 proba egin zituzten eta horietatik %4,6k eman zuten positibo. Lurraldeak banan-banan aztertuta, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien, beste behin; 218 kasu, hain zuzen. Gipuzkoan 88 kasu zenbatu zituzten; Araban, 59; eta Nafarroan, 55.

Osakidetzak jakinarazi duenez, atzo beste 45 lagun ospitaleratu zituzten gaitzak jota, eta azken datuen arabera, 439 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; horietatik 126 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide