Udalak hainbat ekintza antolatu ditu Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira

Andoni Elduaien 2021ko ots. 26a, 12:16
'Emakumeen Oroimenez' eskultura kolore morez argituko dute.

Martxoak 8aren bueltan, muralak margotuko dituzte eskoletan eta eliz atarian mezuak zintzilikatzeko aukera egongo da. Era berean, 'Ez da kasualitatea' bertso saio musikatua eskainiko dute Baztartxon, eta 'Emakumeen Oroimenez' eskultura kolore morez argituko dute.

Azkoitiko Udalak pandemia garaian eta zaintza lanetan emakumeak egiten duen ekarpena aitortu nahi du Martxoaren 8aren, Emakumeen Nazioarteko Egunaren, bueltan. "Berdintasunik gabeko banaketa bidegabeari euskarria" ematen dioten "genero-arrakalak borrokatzeko konpromisoa" du udalak. Hori da, hain zuzen ere, asteazkeneko ohiko udalbatzarrean onartutako erakunde adierazpenak jasotzen duena. "Bada garaia zaintza lan guztiei dagokien balioa emateko, eta aurrera egiteko erantzunkidetasun handiagoko eredu baterantz, pertsona guztientzat ekitate eta ongizate handiagoa sortzeko", dio onartutako testuak.

"Pixkanaka berdintasunezko gizarte baterantz aurrera goazen arren, gaur oraindik, etxeko eta zaintza lanen zama emakumearen gain uzten da nagusiki. Politika publikoetatik egoera horri buelta emateko lanean jarraitu behar dugu", azaldu du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak. Kontzientziazio lanean dabil Hezkidetza Foroa, eta Azkoitiko bost eskolek –Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Ikastetxeak, Azkoitia BHIk, Bizilore Eskola Aktiboak eta Izarraitz Lanbide Heziketak– parte hartzen dute bertan, baita hezitzaileek, Gazteria Zerbitzuak eta udaleko Berdintasun sailak ere. Aurten ere elkarrekin antolatu dituzte Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltako ekintzak.

Ekintzak eta jarduerak

Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, hainbat jarduera eta ekintza prestatu ditu Martxoaren 8a antolatzeko. Eskoletan, esaterako, muralak margotuko dituzte. Aurreko urteetan bezala, Hezkidetza Foroaren ekimenez egingo dute jarduera. Berdintasunaren aldeko marrazkiak eta mezuak egingo dituzte, eta gero astebetez muralak udaletxeko fatxadan zintzilikatuko dituzte.

Abarketatxo Ludotekan, bestalde, herritarrek berdintasunaren aldeko mezuak idazteko aukera izango dute. Horretarako, soka bat zintzilikatuko dute zuhaitz batetik bestera martxoaren 6an, eliz atarian. Nahi duen orok mezua idatzi eta bertan zintzilikatu ahalko du. Hurrengo asteburu osoan izango da horretarako aukera. Artxamendi Topalekuan, berriz, berdintasunaren gaian sakontzeko barne lana egingo dute gazteek aste osoan zehar. 

Hurrengo larunbaterako, martxoak 6, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua antolatu dute udalak eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteak. Alaia Martin, Ane Zuazubiskar, Jone Uria eta Maddalen Arzallus bertsolariek parte hartuko dute saioan. Musikaz arduratuko dira Gari Otamendi eta Araitz Bizkai, eta gai-jartzaile lanetan arituko da Saroi Jauregi. 19:00etan izango da bertso saioa, eta sarrerak Entradium plataforman eskuratu daitezke, zortzi euroren truke.

Xebas Larrañaga eskultore azkoitiarraren 2006ko Emakumeen Oroimenez eskulturan, berriz, more koloreko argiteria jarriko du udalak, "berdintasun sinbolo" gisa. Aurten, gainera, Larrañagak eskultura zaharberritu du udalak eskatuta. Besteak beste, lana sostengatzen duen oinarria altxatu dute. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide