Ur azpiegiturak berrituko dituzte Txalonerrekan eta Txerloian

Anartz Izagirre 2021ko ots. 25a, 13:41
Txalonerrekako ur azpiegiturak hobetzeko lanak. (Azkoitiko Udala)

Bi eremu horietako hoditeria hobetuko dute, eta Txalorrenekaren kasuan, euri urak eta ur fekalak banatuko dituzte. Gipuzkoako Uraken eta Azkoitiko Udalaren hitzarmenaren barruan sartzen dira obra horiek, eta atzo, asteazkena, aho batez onartu zuten hitzarmena udalaren ohiko udalbatzarrean. Guztira, 241.580 euroko aurrekontua izango dute lanek.

Gipuzkoako Urak kontsortzioak hasi ditu dagoeneko Txalonerrekako ur sareak berritzeko lanak. Obra horien xedea eremu horretako euri urak eta ur fekalak banatzea da; egungo sarea euri urentzat egokituko dute, eta instalatuko duten sare berria ur fekalentzat izango da. Modu horretan, bi sareak bereiziko dituzte kolektore bikoitzarekin, eta ur zikinen %100 banatuta jasoko da.

Txerloiako lanekin, berriz, Txalonerrekakoak amaitu ostean hasiko dira. Hornidurari dagokionez, bi eremuetan egungo zuntz-zementuzko hoditerien ordez polietilenozkoak ezarriko dituzte, oraingoak baino gogorragoak nahiz erresistenteagoak. Beraz, Txerloiako kasuan geratzen den zuntz-zementuzko azken zatia ordeztuko dute material berriarekin, eta hango ur sarea guztiz berrituta geldituko da.

Bi proiektu horiek amaitzeko bi hilabeteko epea aurreikusten dute, eta, guztira, 241.580 euroko aurrekontua izango dute. Azkoitiko Udalak dagokion zatia ordainduko du, hau da, 58.073 euro. Gainerakoa, Gipuzkoako Urakek finantzatuko du. Guztira, 899 metro lineal ordezkatuko dira; hain zuzen ere, Txalonerrekan 764 metro hodi ezarriko dituzte, eta, Txerloian, 135 metro hodi berrituko dira.

Bi erakundeen hitzarmena

Txalonerrekako eta Txerloiako lanak Gipuzkoako Uraken eta Azkoitiko Udalaren arteko hitzarmenaren fruitu dira. Akordio horren helburua ur hornidura eta sanemanendu sare zaharkituak zein hondatuak berritzen joatea da, eta 2019. urtean sinatu zuten hitzarmena bi aldeek; atzo, asteazkena, udalaren ohiko udalbatzarrean aho batez onartu zuten. Ur kontsortzioak 2028. urtera bitartean Azkoitiko ur azpiegituretan 2.059.899 euro inbertitzeko konpromisoa hartu du, eta urtero zehaztuko dituzte zeintzuk izango diren hobekuntza lan horiek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide