Juan Carlos Perez: "Opera lan hau nire Saturraran izatea nahi nuen"

Andoni Elduaien 2021ko mar. 1a, 19:20
Juan Carlos Perez, obra eskuetan duela.

Juan Carlos Perez (Mutriku, Gipuzkoa, 1958) Azkoitiko bizilagunak Saturraran izeneko opera idatzi berri du. 2017ko urtarrilean hasi zen lanarekin, eta iazko uztailean amaitu zuen sortze lana. Orain, lanari azken ukituak ematen ari da.

Saturraran opera idatzi berri duzu.

Egin dudan lehen opera da. Lan ederra izan da, baina, bestalde, gogorra ere bai. 2017ko urtarrilean hasi nintzen obra idazten, eta 2020ko uztailean amaitu nuen istorioa sortzea. Hiru urte eta erdi izan dira guztira. Horren neurri handiko lana izanda, egunero hariari eustea izan da niretzat arazo handiena. Egunero lan egin behar da, orekari eutsi behar zaio, eta horrek kontzentrazioa eskatzen du. 

Formatu handiko lanetan aritua zara, baina opera bat idaztea berria izan da zuretzat.

Orain arte ez naiz izan opera zalea, inoiz ez da izan nirea. Itoitzen musika orkestra sinfonikora pasatu nuen Itoitz Suite lanarekin, eta orduan hasi nintzen pixkanaka formatu handiekin maitemintzen. Opera hau sortu aurretik, formatu handian egindako azken lan potoloa Deitzen dizut Virgilio izan zen. Bernardo Atxagaren poema batean oinarritutako poema sinfonikoa da; gustura gelditu nintzen. Horrez gain, Atxagaren Lu eta Le antzezlanean ere egin nuen lanketa bat. Pixkanaka, eszenekin lotutako musikari gustua hartzen hasi nintzen. Musika eszena batean ikusten nuen, eta ez abstraktuki bakarrik; aktoreekin, abeslariekin eta soinuekin lotzen nuen musika. Batura horrek, azkenean, operara eraman nau. 

Nola otu zitzaizun opera bat idaztea?

Lu eta Le antzezlanarekin jabetu nintzen buruan ideia hori pizten ari zitzaidala. Horrelako lanekin jarraitzeko gogoa sentitu nuen, musika eszenan entzun nahi nuen. Eszenan beste leku batera eramaten du musikak, eta istorioa kontatzeko beste espresio bide bat da. Garrantzia txikiko esaldiak izanda ere, operaren testuinguruan istorioek garrantzi handia hartzen dute. Erakargarria da. Oraintxe ari naiz mundu hau ezagutzen.

Obra Saturraran izenarekin aurkeztu duzu. Zergatik?

Gogoan nituen Saturraranera umetan egindako ihesaldiak eta haitzetan barrena egindako bideak. Historia handia du Saturraranek: emakumeen kartzela izan zen, lehenago seminarioa, aurretik bainuetxea… Saturraranen historia fantasiazko mundu batean kokatu nahi izan dut, eta marinel giroarekin lotu. 

Operari zein izenburu jarri, beraz, argi zenuen.

Egin nuen lehen gauza izan zen lanari izenburua jartzea. Gainera, ez da izenburuak paisaiekin lotzen ditudan lehen aldia. Gustuko ditut paisaia, itsasoa, portua, itsasontzia, marinelen giroa, eta batez ere, haitzak. Ez da Saturraran nire lanetan baliatzen dudan lehen aldia, baina oraingoan zuzenean joan naiz horretara. Batez ere, haitzak azaldu nahi nituen. Saturrarani lotutako lan asko daude, baina opera lan hau nire Saturraran izatea nahi nuen. 

Zer ezagutu duzu opera idatzita?

Opera oso sinplea da, hori du ona. Istorioa ez da literarioa edo ez da nobela. Sinpletasuna pare bat gauzatan oinarritzen da. Opera klasikoetan pasioa edo tragedia lantzen dira sarri, baina egun, gaurkotasunezko gaiei lotuta egiten dira argumentuak. Gauza sinpleak egiten dira, gero musikari espazioa emateko; izan ere, espazioak jantzi egiten ditu esaldiak. 'Zientzia' da operarako idaztea, eta lan horrek eguneroko kontzentrazioa eskatzen du. 

Juan Carlos Perez.

Zure lanik luzeena izanda, zertan eman duzu denbora gehien?

Bai, inoiz egin dudan lanik luzeena da. Egunero egin behar izan dut aurrera. Sortzen hasi eta bi urtera, lanaren erdian aurkitzen nintzen. Libretoa esku artean nuen, baita argumentua ere, eta banekien segidan zer zetorren. Artisau lana da opera idaztea, eta aurretik egindako musika kontuan hartuta eman behar zaio jarraipena, gorputza eman arte. 

Kirmen Uribek ondu du operako libretoa. 

Kirmen Uribe alboan izan dut prozesuan; berari eskatu nion opera egin ahal izateko libretoa idazteko. Garbi nuen Kirmen zela libretoa idazteko pertsona aproposena. Gainera, bere familiarekin betidanik izan dut harremana. Istorio bat asmatzeko edo kontatzeko prest al zegoen galdetu nion, eta 80ko hamarkadako giroa hautatu zuen istorioa idazteko. Libreto oso polita eta erraza egin zidan, eta orduan hasi nintzen ni hura musikatzen. 

Eszenarako musika jartzea izan da, beraz, hurrengo lana.

Niretzat berria zen zerbait egiten hasi nintzen, testuen gainean musika jartzen. Ez bakarrik ahotsak, eszena osoa baizik. Operak berak erakarri nau, eszenaratzeak. Pixka bat nazkatuta nengoen grabatutako musikarekin. Halaber, musika akustikoa izatea nahi nuen. Bizi osoa pasatu dut musika elektronikoaren bueltan, eta lan hau musika tresna akustikoekin sortzea nahi nuen, lehengo erara. Hizkuntza gaurkoa eta nahikoa aurreratua den arren, mintzamoldea antzinakoa da. 

Hasieratik izan al duzu argi zer sortu nahi zenuen? 

Libretoa ikusita, era batera ikusten nuen, baina bidean bigarren mailako gauza asko joan naiz sortzen. Estetikoki banekien zer hizkuntza mota erabili nahi nuen, zer orkestazio mota eman nahi nion. Halere, lanaren erdira iritsitakoan, obrak berak esaten du zer bide hartu. Ordutik aurrera ez zaude bakarrik; izan ere, material asko biltzen da inguruan, eta hori era batera edo bestera mugitu daiteke. 

Zertan gozatu duzu?

Tentsio gehien sortzen zidan lana berehala egin dut. Testuari ahotsa jartzeak estres apur bat sortzen zidan hasieran. Ahotsarekin ez naiz aritu denbora gehiegiz lanean, trikimailu batzuk-eta erabili baititut. Musika jarritakoan bestelako itxura bat hartzen zuten esaldiek, eta poza ematen zidan irudikatutakoan.

Opera zein fasetan dago gaur egun?

Orain irten da mundura, baina oraindik bide luzea du egiteko. Eta normala da. Gauza bat egiten hiru urte eta erdi pasatu eta gero, ezin daiteke arratsalde batean segituan kontsumitu. Denbora pixka bat gehiago behar du. Orain, esaterako, musika tresna bakoitzarentzako partiturak edo kopiak ari naiz egiten. Lan hori ere oso garrantzitsua da. Lan hau idatzita dago, baina borondate batzuk beharko dira gauzatzeko. 

Musikalki, zer desberdintasun aurkitu dituzu lan egiteko moduan?

Desberdintasunak baino, berdintasunak aurkitu ditut. Sentitu dut barruko muinak edo senak berdina izaten jarraitzen duela. Beste euskarri baterako sortzen ari naizen arren, lehengo pentsamendu bera dut. Denbora eta espazio luzeak dituzten lanetan sentitzen naiz erosoen. 

Operak musikalki gauza berriak ezagutzeko balio izan al dizu?

Itoitzen garaian oso garrantzitsua zen erritmo erregularren gainean abestea, eta opera honek lasaitu eta askatu egin nau alde horretatik. Operaren kasuan, musika aldetik ez dago lotura erritmiko erregularrik, han eta hemen baitaude indarrak. Modu hori ikasten joan naiz, eta erakarri egiten nau.

Noiz eta non gustatuko litzaizuke zure lana estreinatzea?

Bi eratara emango dut erantzuna. Praktikoki, estreinatzen bada, berdin zait non estreinatzen den, obra gauzatzeak lana emango baitu. Halere, gustatuko litzaidake fantasia bezala uda sasoian, aire zabalean eta Saturraranen bertan aurkeztea. Han irudikatzen dut eszenaratzea. Gure garaian ere saiatu ginen han rock kontzertuak-eta antolatzen, baina gero ez zen posible izan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide