Eremu berdean sartu da Azkoitia

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 24a, 13:15

Atzo bi kasu berri atzeman zituzten herrian, baina, hala ere, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak beste koska bat egin du behera: 66,76koa zen atzo eta 58,42koa da gaur. Eremu berdean sartzen den eskualdeko lehen herria da Azkoitia. 

Eremu berdean sartu da Azkoitia. Halaxe dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren bilakaerari buruz gaur eguerdian kaleratu duen txostenak. Atzo bi kasu berri atzeman zituzten herrian eta, hala ere, beste koska bat behera egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: 66,76koa zen atzo eta 58,42koa da gaur. Eremu berdean sartzen den eskualdeko lehen herrian da Azkoitia.  

Azkoitian ez ezik, eskualdean ere bare jarraitzen du egoerak. Atzo, guztira, hamahiru positibo zenbatu zituzten. Herengun baino zazpi gehiago dira, baina, hala ere, bilakaera ona da, intzidentzia tasak beherantz egin baitu 5.000 biztanletik gorako herri gehienetan. Horian jarraitzen dute, berriz, Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak. Azpeitian eta Zarautzen hiruna positibo baeiztatu zituzten atzo eta 197,11eko eta 209,88ko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren. Azpeitikoa mantendu egin da eta Zarautzekoa zertxobait jaitsi. Zumaian positibo bat atzeman zuten atzo eta 172,99koa da intzidentzia tasa; Orion, aldiz, ez zuten positiborik hauteman eta 195,69koa da tasa. Atzoko beste lau positiboak Aian eta Zestoan hauteman zituzten; bina herri bakoitzean. Gainontzeko herrietan ez da positibo berririk izan.

Hego Euskal Herrian, bostehundik behera

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakitera eman dituzten datuen arabera, atzo, orotara, koronabirusa detektatzeko 11.926 proba egin zituzten eta horietatik 470ek eman zuten positibo; %3,9k beraz. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien, 233; Gipuzkoan 103 izan ziren; eta Araban eta Nafarroan 65na.

Erietxeetako presioa ere jaisten ari da pixkanaka-pixkanaka. Atzo 44 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan eta, gaur-gaurkoz, 465 dira ospitaleratuta dauden herritarrak; horietatik 132 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Herenegun 494 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, atzo baino 29 gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide