Balda jauregiaren aurrean dagoen Gernikako arbola inausi du udalak

Andoni Elduaien 2021ko ots. 24a, 10:05
Balda jauregiaren aurreko arbola. (Argazkiak: udala)

Azkoitiko herriaren sorreraren 675. urteurrenaren harira landatu zuten zuhaitza. Arbola kimatu dute eta harrizko oinarria ere jarri diote bueltan. Zuhaitza gogoratuko duen plaka ere kokatuko du udalak. 

Balda jauregiaren aurreko berdegunean dagoen Gernikako arbola inausi du udalak, eta harriekin egindako oinarri bat jarri diote inguruan. Azkoitiko zuhaitza Gernikako arbolaren kimua da, eta herriaren sorreraren 675. urteurrenaren harira landatu zuten Balda jauregiaren aurrean. 

Udalak, halaber, haritza edo Quercus robur jatorriko zuhaitza gogorarazten duen plaka bat jarriko du datozen egunetan zuhaitzaren ondoan. "Jatorrizko Gernikako arbolaren zaintzaz arduratzen den Aitor Landa Basalan sozietate publikoaren zuzendariordea Azkoitian izan zen zuhaitzaren inguruan aholkatzeko, eta haren aholkuei jarraituz egin dira lanak", azaldu du Juan Bautista Mendizabal Turismo eta Ondare zinegotziak. Udalaren arabera, "beharrezkoa" zen zuhaitza kimatzea. "Haurrek ohitura zuten adarretatik zintzilikatzeko, zuhaitza kaltetuz eta beren buruak min hartzeko arriskuan jarriz".

Udaletxeko udalbatza aretoan dago Balda jauregiaren aurrean landatutako zuhaitza Gernikako arbolaren jatorrizko kimua dela "egiaztatzen duen agiria". 1999. urtean Aitor Esteban orduko Bizkaiko Batzar Nagusien presidenteak sinatu zuen dokumentua. 

Zuhaitzari jarritako harrizko egitura.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide