Garazi Gorostiagak eta Mikel Vegak kontzertua eskainiko dute igandean, Matadeixen

Andoni Elduaien 2021ko ots. 23a, 09:42
Garazi Gorostiaga. (G. Gorostiaga)

Igandean 12:30ean hasiko dira kontzertuak. Sarrerak aurrez erosi beharko dira Matadero Ekintzak taldearen e-postara idatzita.

Datorren igandean, otsailak 28, Matadeixen bi kontzertu zuzenean jarraitzeko aukera izango da, 12:30etik aurrera, Garazi Gorostiagak eta Mikel Vegak kontzertu bana eskainiko baitute. Bi emanaldiak zuzenean jarraitzeko sarrerak aurrez erosi beharko dira mataderoekintzak@gmail.com e-postara idatzita; sarreren prezioa 7 eurokoa izango da.

Gorostiagak emozioak eta bizipenak askatasunez adierazteko eta berekin esperimentatzeko gaitasuna topatzen du musika elektronikoan, ordenagailuetan, sintetizadoreetan, objektuetan eta MIDIa bezalako baliabideetan. Gorostiagaren iruditeria naturan, mitologian eta folklorean oinarritutako elementuz dago osatuta. Ambient, drone edota industria musikaren estilo eta soinuen oihartzunak dituzten konposizioak garatzen ditu nagusiki; hain zuzen, alkimia soinuak, akelarre trumoitsua, paganismo digitala eta espiritu nigromantikoa.

Mikel Vega gitarra jotzailea, bestalde, Killerkume, Orbain Unit eta Conteiner taldeetan zein inprobisazioa ardatz duten zenbait proiektutan murgilduta dabil gaur egun. Azkoitiko Matadeixen egingo du estreinakoz bere bakarkako lehen emanaldia. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide