Gazteen emantzipaziorako bideak aztertzeko konpromisoa hartu dute EAJk eta PSE-EEk

Andoni Elduaien 2021ko ots. 22a, 10:23

Gobernu taldean akordioa lortu ostean, otsailaren 10ean udaletxean aurkeztutako mozioa bertan behera utzi du alderdi sozialistak.

EAJk eta PSE-EEk gazteen emantzipaziorako dauden bideak aztertzeko konpromisoa hartu dute. PSE-EEk jakinarazi duenez, gobernu taldeak duen programaren barruan gauzatuko dute bi udal taldeek konpromisoa.

Otsailaren 10ean, Azkoitiko PSE-EEk gazteen emantzipazio plana egiteko mozioa aurkeztu zuen udalean. Gazteen emantzipaziorako plan bat egitea "beharrezkoa" zela azaldu zuen orduan Janire Igoa PSE-EEko zinegotziak, eta plana gauzatzeko herriko gazteek parte hartuko zuten prozesu bat martxan jartzeko eskatu zion udalari.

Orain,  udalean aurkeztutako mozioa bertan behera uztea erabaki du alderdi sozialistak. "Azkoitian alokairuko etxebizitza eskatzen duten 36 urtetik beherako 116 pertsonei irtenbidea emateko beharra partekatu dugu alkatearekin. Era berean, beste udal batzuk martxan jartzen ari diren bideak aztertzeko konpromisoa hartu dugu", azaldu du Igoak. Etxebideren datuen arabera, etxebizitza alokairuan eskatzen duten 36 urtetik beherako 116 pertsona daude egun Azkoitian, eta horietatik 87 daude herrian erroldatuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide