Kapazitazio tailerrak antolatu ditu Iraurgi Berritzenek, merkatari eta negozio txikientzat

Nerea Uranga 2021ko ots. 21a, 10:20

Merkatari eta negozio txikientzako gaur egungo erronketako bat digitalizazioa da. Nahi horri erantzuna emateko asmoarekin, UEskuartzen egitasmoaren barruan, Kapazitazio tailerrak antolatu ditu Iraurgi Berritzeneko Ekintzailetza arloak. Aurreneko tailerrean, otsailaren 25ean, Internet eta sare sozialek eskaintzen dituzten aukerez jardungo dute.

Urola Erdiko merkatari eta negozio txikiek egungo egoeraren aurrean duten erronketako bat digitalizazioa da. Nahi horri erantzuteko Kapazitazio tailerrak antolatu ditu Iraurgi Berritzeneko Ekintzailetza arloak, UEskuartzen egitasmoaren barruan.

Urtearen lehen seihilekoan egingo dituzte Urola Erdiko merkatari eta negozio txikiei zuzendutako saioak Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan. Aurreneko hitzordua datorren ostegunean, otsailaren 25ean, izango da 14:30etik 16:30era, Azkoitiko Intsausti jauregian. Marketing digital praktikoa izenburu hartuta egingo dute tailerra, eta Internetaren eta sare sozialen erabilgarritasuna eta aukerak aztertuko dituzte.

Hilero saio bana egingo dute, eta erreminta digital desberdinak landuko dituzte. Saioen inguruko informazioa jasotzeko eta izena emateko Klink webgunera jo behar da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide