Intzidentzia tasaren beheranzko joerarekin jarraitzen du Azkoitiak

Ihintza Elustondo 2021ko ots. 19a, 12:54

Atzo ez zuten positiborik baieztatu herrian, eta bi atzeman dituzte aste guztian. Intzidentzia tasak beheranzko joerari eutsi dio: duela astebete, 208,83koa zen hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua, eta gaur-gaurkoz, 125,18koa da zifra hori.

Beste astebetez, hobera egin du Azkoitiko egoerak COVID-19aren izurriari dagokionez. Atzo, azken asteko egun gehienetan bezala, ez zuten positibo berririk zenbatu herrian, eta azken zazpi egunetan, bi kasu positibo soilik atzeman dituzte. Hori horrela, beheranzko joerari eutsi dio hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: duela astebete, 208,83koa zen tasa hori, eta 125,18koa da gaur-gaurkoz. Horrenbestez, eremu horian jarraitzen du Azkoitiak.

Urola Kostako egoerak ere, oro har, hobera egin du azken egunotan. Atzo, bederatzi positibo zenbatu zituzten eskualdeko 11 herrietan, eta intzidentzia tasari dagokionez ere, aspaldiko onenak dira datuak; izan ere, gaur-gaurkoz, eskualdeko herri guztiak eremu horian aurkitzen dira.

Bederatzi kasu positiboetatik lau Zarautzen zenbatu zituen atzo Osasun Sailak. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du herri horretan, baina oraindik ere eremu horian jarraitzen du Zarautzek. Gaur-gaurkoz, 278,41ko intzidentzia tasa dute han. 

Kasuen hazkunde txiki bat izan du Zumaiak ere azken egunetan: bi positibo atzeman zituen atzo Osakidetzak herri horretan, eta 213,70eko intzidentzia tasa dute. Aian, Getarian eta Zestoan, kasu bana zenbatu zuten atzo. Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen eta Orion, berriz, ez zuten positiborik zenbatu. 

Kasuen beherakada Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian ere beheranzko joera hartu du izurriteak; guztira, 570 positibo zenbatu zituzten atzo lau lurraldeetan.

Osakidetzak 10.234 proba egin zituen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 505ek eman zuten positibo; %4,9ko positibotasun tasa izan zen atzo hiru lurralde horietan. Araban 67 kasu atzeman zituzten, 284 Bizkaian eta 149 Gipuzkoan. Hiru lurralde horietatik kanpoko bost lagunek ere positibo eman zuten. Erietxeetako datuei dagokienez, atzo beste 54 lagun ospitaleratu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zentroetan. Gaur-gaurkoz, 391 lagun daude ospitaleratuta hiru lurralde horietan; 156 ZIUetan.

Nafarroan, berriz, ehun kasutik behera izan dituzte beste behin ere. Hain zuzen ere, 65 positibo atzeman zituzten atzo egindako 1.793 probetan. Ondorioz, positibotasun tasa %3,6ra jaitsi da lurralde horretan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide