Gorka Zabaleta: "Gehigarri eta magazin berri bat prestatzen ari gara, ilusio handiz"

Onintza Lete Arrieta 2021ko ots. 19a, 10:22
Gorka Zabaleta. (Arnaitz Rubio Aprea)

Urolako Komunikazio Taldea sortu dute, Urola Kosta eskualdeko euskarazko egunkaria, telebista eta lau herri aldizkari batuta. Zabaletak urte eta erdiko ibilbidea azaldu du, eta aurtengo erronken berri eman. Gipuzkoako Hitzan argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Urola Kostako tokiko sei hedabidek kooperatiba bat sortu zuten 2019ko ekainean: UKT Urolako Komunikazio Taldea. Egunkaria, telebista, sei webgune eta lau herri aldizkari egitura bakarrean ari dira ordutik herri informazioa lantzen eta komunikazio zerbitzuak eskaintzen tokian tokiko merkatari, enpresa eta erakundeei. Urola Kostako Hitza, Erlo telebista, eta Baleike, Karkara, Maxixatzen eta Uztarria herri aldizkariak dira elkartu diren hedabideak, eta Gorka Zabaleta (Zumaia, 1973) da zuzendari nagusia, horiek guztiak ondo ezagutzen dituena, Baleike aldizkariko zuzendari izandakoa baita urte askoan.

Aurreneko galdera derrigorrezkoa da: zergatik batu, eta zergatik kooperatiba batean?

Abiapuntuan bazegoen denok partekatzen genuen diagnosi bat: bakarka bide luze eta emankorra egin dugun arren, egitura ahulegiak genituen gaur egungo komunikabideen mundu konplexu honetan aurrera sendo egin ahal izateko. Soluzio logikoa dirudi indarrak batzeak, baina ez pentsa bide erraza denik. Ausardia, pazientzia eta eskuzabaltasuna behar dira horrelako prozesuetan. Eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba aukeratu genuen, elkarteen herri izaerari jarraipena emateko eta langileek ere erabakietan modu zuzenean parte hartu ahal izateko.

Egituraz talde bakarra sortu da, baina produktuak ez dira bateratu. Garrantzia eman diozue herri bakoitzari eta produktu bakoitzari.

Guk garrantzia eman diogu egitura sendo bat sortzeari, horrek emango digulako aukera gure gizarteak dauzkan informazio eta komunikazio beharrei erantzuteko. Mende laurdenez herrietan errotu diren marka eta produktu horiek dira gure oinarria. Horren gainean eraiki behar da etorriko dena.

UKT sortu zenutenetik, zer aurrerapauso nabarmenduko zenituzke urte eta erdi honetan?

Batik bat, barrura begirako lana egin dugu orain arte, oso konplexua delako sei hedabide bateratzea. Lehen, bakoitza bere aldetik zebilen, bere egiteko moduarekin; hori dena bateratzea da, oraindik, gure erronka handiena, ondo funtzionatzen duen lantalde bakarrean antolatzea. Baina denbora gutxian asko aurreratu dugu. Eta produktuetan ere eman ditugu aurrerapausoak: herrietako aldizkariak hobetu ditugu, webguneak ere bai, eta ikus-entzunezkoetan jauzi handia egin dugu; eskaintza komertzialean katalogo bateratuak ekarri duen abantaila ahaztu gabe.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide