Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 134 isun jarri dituzte herrian "COVID-19ari aurre egiteko neurriak ez betetzeagatik"

Andoni Elduaien 2021ko ots. 18a, 08:30
Ertzain autoa, artxiboko irudi batean.

Osasun neurriak ez betetzeagatik jarritako isunez hain, Udaltzaingoak bestelako ia 800 isun jarri zituela ere jakinarazi du udalak Kontzejupetik udal aldizkarian.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 134 isun jarri dituzte Azkoitian. Aipatutako isunok "COVID-19ari aurre egiteko neurriak ez betetzeagatik" jarri dituztela jakinarazi du Azkoitiko Udalak. Udaltzaingoak 46 zigor tramitatu zituen, eta zigor gehienak "maskara ez eramateagatik edo etxeratze-agindua ez errespetatzeagatik" jarritakoak izan ziren udalaren arabera. Era beran, ostalariei egindako hainbat salaketa "tramitean" daudela azaldu du, "terrazan baimendutakoa baino mahai gehiago edukitzeagatik edo ixteko ordutegia ez errespetatzeagatik". Ertzaintzak, bestalde, 88 salaketa jarri ditu martxotik hona "osasun araudia urratzeagatik".

Udalak azaldu duenez, terrazekin lotutako zigorrak bakarrik izapidetzen ditu Udaltzaingoak. Gainerako salaketak Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara bidaltzen ditu Udaltzaingoak, hura delako zigor prozedura administratiboak ebazten dituen organoa. COVID-19k eta osasun-arauek "ohiturak aldatu" dituztela nabarmendu du udalak, baita "Udaltzaingoak lan egiten duen agertokia" ere. "Koronabirusaren agerpenaz eta haren ondorioez harago, agenteek zeregin ugari izaten dituzte ordena bermatzeko eta bizilagunei laguntzeko", adierazi dute udal aldizkarian. 

2020a zifratan

Egungo osasun egoera tarteko jarritako isunez gain, Udaltzaingoak 2020an ia 800 isun jarri zituen bestelako arazo desberdin batzuengatik. 690 isun "arinak" izan ziren, 86 "larriak" eta bost "oso larriak". Asegurua edota IAT-a ez izateagatik, berriz, hemezortzi kasu bideratu zituen Udaltzaingoak Trafiko Zuzendaritzara.

Bestalde, animalien inguruko hainbat datu eman ditu udalak, abandonatutako edo galdutako animaliak jaso baitzituen Udaltzaingoak. Guztira 39 txakur jaso zituzten, eta horietatik 30 jabeari itzultzea lortu zuten. Udalak txakurtegi batekin hitzarmena du, eta jaberik aurkitu ezean txakurtegira eramaten dituzte txakurrak. Txakurrez gain, ordea, hildako hiru katu ere jaso zituen Udaltzaingoak iaz. Animaliekin lotuta, Udaltzaingoak arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lau lizentzia eman zituela jakinarazi du udalak. Lizentziei lotuta, gainera, suzko armak izateko bi lizentzia eman zituen Udaltzaingoak.

Galdutako artikuluak ere jaso zituen Udaltzaingoak, 98 zehatz-mehatz. Objetuen artean aurki daitezke, besteak beste, giltza sortak, mugikorrak, dokumentazioa, karterak, arropa edota bitxiak. Bateria gabe geratutako 140 ibilgailuri ere bateria kargatu zien, eta zortzi bizikleta ere jaso zituzten kaletik.

Bestalde, Udaltzaingoak espedienteak ere ireki zituen tamaina handiko objektuak edukiontzien ondoan uzteagatik. Horien aurrean, udalak gogoratu du Emausek egiten duela bolumen handiko hondakinen bilketa etxez etxe, eta horretarako hitzordua hartu behar dela 656 789 574 telefonora deituta. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide