Bi muralek iragarriko dute Azkoitiko herriaren sorreraren 700. urteurrena

Andoni Elduaien 2021ko ots. 17a, 14:46
Gorka LarraƱaga, Sonia Vazquez, Udane Juaristi eta Juan Bautista Mendizabal, Altzibarren. (Udala)

2024an 700 urte beteko ditu Azkoitiak. Urteurrena iragartzeko, Udane Juaristi eta Gorka Larrañaga artistek mural bana margotuko dute Altzibarren.

San Martin de Iraurgui izenarekin sortu zen Azkoitiko herria 1324an, eta hemendik hiru urtera, 2024an, 700 urte beteko ditu herriak. Udane Juaristi eta Gorka Larrañaga artista azkoitiarrek mural bana margotuko dute Altzibarko biribilgunearen bueltan dauden bi etxebizitza bloketan . Juaristi eta Larrañaga gaur goizean hasi dira 700. urteurrena iragarriko duten muralak margotzen. Kaleko arteak emango die hasiera, beraz, herriaren 700. urteurreneko ospakizun ekitaldiei.

Azkoitiko herriaren sorreraren urteurrena "urruti" dagoela dirudien arren, Azkoitiko Udaleko Kultura eta Turismo sailak hasi dira lehen urratsak ematen urteurren ospakizunaren diseinu eta plangintza prozesua marrazten joateko. "Juaristiren eta Larrañagaren obrak, atariko paregabeak izango dira", azaldu dute Sonia Vazquez eta Juan Bautista Mendizabal zinegotziek.

Juaristik eta Larrañagak "oso azkoitiarrak" diren elementuak edo sinboloak azpimarratuko dituzte beren muraletan. "Bi muralak Azkoitiko historiari lotuak daude; herriko jendearentzat nahi ditugu egin", adierazi du Udane Juaristik. Obra biak dimentsio handikoak izango dira, horma bat lau solairukoa da, eta bestea, bostekoa. Juaristi eta Larrañaga garabira igo eta jaitsi ibiliko dira, beraz. "Lan oso fisikoa da; izan ere, margotzen ari garenean aurrean kolore orban bat besterik ez da ikusten. Etengabe jaitsi eta nola geratzen ari den ikusi behar da".

Udane Juaristik bere muralarentzat aukeratu duen izenburua 'Erreportzaketan' da, "ez izena eta ez lanbidea ez daitezen ahaztu". Izen horrekin ezagutzen zen herrian, hain zuzen ere, abarketak josteko ofizioa. Emakume abarketariak omenduko ditu Juaristiren irudiak, baina egungo emakumeei ere keinu bat egin nahi izan die. "Abarketagintza abiapuntutzat hartuta, garai ezberdinetako bi emakume irudikatuko ditut. Bata abarketaria, eta bestea, gaur egungoa izan daitekeen neska bat, zeren ez dut bakarrik iraganera begiratu nahi izan, baita etorkizunera ere. Melankolia puntu bat ikusten diot. Nondik gatozen eta nora goazen azaldu nahi dut". Juaristik margotuko duen muralik handienetarikoa izango da Altzibarkoa.

Gorka Larrañagarentzat, berriz, horrelako dimentsioetako mural bati heltzen dion lehen aldia da. Azkoitiarrak azadu du bere obra "lan ilustratiboa" dela. "Narrazio historiko bat" islatzen duen irudia margotuko du Larrañagak, "oso azkoitiarrak diren kodeak edo sinboloak" erabiliz. Elementu guztiak bihotzaren figurak bilduko ditu, "sekula geratzen ez den muskulu horrek". Bihotzaren irudia bihurtu da Larrañagaren obraren ikur edo marka. "Figura alegoriko horren baitan, elementu zentrala San Martin da, lehen kokalekua. Beste elementuen artean, hor daude, Intsausti Jauregia edota azken abarketaria izan zena. Garrantzitsua da zeren aberketagintzari esker, familia askok jan ahal izan zuten garai gogorretan", azaldu du. Kontzejupea ere sartuko du irudian Larrañagak. "Arroitajauregiren bildumako argazki bat oinarri hartuta, pilotan jolasten ari den neska baten irudia gehitu dut berdintasunaren aldarrikapen gisa". Zuhaitz batek, pagoak, eta sakelak osatuko dituzte muralaren beste elementuak, azken figura "azkoitiarron ezizenagatik". Larrañagak ere "zer garen" erakutsi nahi du bere muralarekin, baina "etorkizunaren proiekzioa alde batera" utzi gabe. "Bihotzak taupadaka jarraitzen du", nabarmendu du Larrañagak. Bi artistek "ilusioz" heldu diote gaur lanari.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide