Teknika artistikoen ikastaro jarraitua eskainiko dute martxotik uztailera Elkargunean

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 17a, 11:13

Adinaren araberako taldeetan banatuta eskainiko dute ikastaroa, eta horien araberakoa izango da saioen eguna eta ordua. Besteak beste, grabatu teknikak, marrazkia, collagea, pintura eta arte garaikidearen nozioak ikasteko aukera eskainiko du teknika artistikoen ikastaroak. Izen-ematea zabalik dago jada. 

Teknika artistikoen ikastaro jarraitua antolatu dute Azkoitiko Udalak eta Elkarguneak martxotik uztailera bitarterako, eta dagoeneko eman daiteke izena tailerrean. 

Adinaren araberako hiru taldetan banatuta eskainiko dute ikastaroa, eta saio bakoitzak bi orduko iraupena izango du. 6 urtetik 13 urtera bitartekoen saioak asteazkenetan izango dira, 17:30etik 19:30era; 14 urtetik 64 urtera bitartekoen saioak, aldiz, ostegunetan izango dira 18:30etik 20:30era, eta 65 urtetik gorakoenak ostegunetan 10:30etik 12:30era.   

Ikastarora animatzen direnek grabatu teknikak, marrazkia, collagea, pintura eta arte garaikidearen nozioak ikasteko aukera izango dute, besteak beste. Tailerrean izena eman nahi dutenek edo informazio zehatzagoa nahi dutenek Elkargunera (943-85 25 44) deitu beharko dute. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide