Jausoron landatu du udalak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek oparitutako gereziondoa

Mertxe Zubillaga, zuhaitzarekin.

Anbulatorioaren ondoan landatu du zuhaitza udalak, eta bere ondoan plaka bat jarri dute.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek gereziondoa oparitu zioten Azkoitiko herriari Baztartxon eskaini zuten azken ikuskizunean. Pailazoek zuhaitz landarea herriko toki kuttun batean landatzeko eskatu zioten udalari. "Joan zaizkigun lagunak eta haiekin bizi izandako bizipenak oroitzeko tokia izatea nahi zuten", azaldu du udalak.

Mertxe Zubillaga zinegotziak jaso zuen zuhaitz landarea Azkoitiko ikuskizunean, eta Jausoron, anbulatorio ondoan landatu dute brigadako langileek. Aste honetan, gainera, plaka bat jarri du udalak zuhaitzaren ondoan, eta honela dio: "Pirritx, Porrotx eta Marimototsek oparitutako zuhaitza. Heriotza eta bizipoza uztartzen ditu. Joan zaizkigun senide eta lagunak eta haiekin bizitakoak gogoan izateko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide