Egin dute XXXIX. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren sari banaketa, musikaz eta literaturaz jantzitako ekitaldian

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 13a, 08:49

Atzo arratsaldean egin zuten XXXIX. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren sari banaketa Azkoitiko udaletxean. Lehiaketako lehen saria Ainara Uranga Repulles azkoitiarrak irabazi du Marinela ipuinarengatik. Bigarren saria iaz hirugarren saria jaso zuen Marta Alberdi Urteagak eskuratu du Isiltasunaren Oroimena lanarengatik. Hirugarren saria, berriz, iaz lehiaketa irabazi zuen Juan Ramon Alberdi Ibarmiarentzat izan da Gurpil Kontua ipuinarengatik. Aurten, guztira 34 lan aurkeztu dira lehiaketara, eta lehiaketan banatu ohi dituzten hiru sariak azkoitiarrek jaso dituzte. 

Urteroko ohiturari jarraituz, Azkoitiko Udalak eta Azkoitiko Kultur Elkarteak antolatutako XXXIX. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren sari banaketa egin zuten atzo, ostirala, arratsaldean Azkoitiko udaletxean. Aurten, COVID-19a tarteko, ezin izan zuten ekitaldi irekia egin, baina "literatur giro atsegina" sortu zen atzoko emanaldian. Lehiaketako saridunek eta haien gertukoek nahiz zenbait udal ordezkarik hartu zuten parte literaturaz eta musikaz jantzitako sari banaketan. Javier Zubizarreta alkateak ireki zuen ekitaldia, irabazleak eta partaideak zoriontzeko: “Ez dakit belaunaldi berriek ipuin edo istorio on bat irakurtzearen plazerrik deskubritu duten, eskolan irakurtzera derrigortutako liburu horiez kanpo. Bizenta Mogel lehiaketa, horri buelta emateko lagungarri izatea gustatuko litzaidake. Ipuin laburrak, euskaraz idatziak eta irakurleari barruraino sartuko zaizkion istorio mamitsuak. Irakurketa patxarosoa oraindik deskubritu ez dutenak edo letretatik ihes ibili direnak literaturara, euskararazko literaturara, erakartzeko amu izatea nahiko nuke”.

Aurten ere hiru azkoitiar izan dira Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketan sarituak. Lehenengo saritua Ainara Uranga Repulles izan da Marinela ipuinarengatik, eta Javier Zubizarreta alkatearen eskutik jaso zuen saria, Udane Juaristi artista azkoitiarraren margolana, hain zuzen. Saridunaren hitzetan, “bihotzez idatzitako ipuina da” sortu duena. Udalak azaldu duenez, "Joxe Marinela izenarekin ezaguna zen herritarra, bere ipuineko pertsonaia bihurtu du Urangak, errealitatea eta fikzioa uztartuz. Azaldu du nola joaten zen Marinela kaletik San Martinera goxokiekin edo gaztainekin, eta hortik tiraka ondu du ipuina".

Bigarren eta hirugarren sarituentzat ez da esperientzia berria Bizenta Mogelen irabazleen artean egotea. Marta Alberdi Urteagak jaso du bigarren saria Isiltasunaren oroimena lanarengatik. Iaz ere bigarren saria berarentzat izan zen. "Oraingo pandemia eta duela 100 urteko egoera hartu ditu ipuina osatzeko, baina gaixotasunean baino sentimenduetan jarri ditu begiak eta hitzak", azaldu du udalak.

Hirugarren saria Juan Ramon Alberdi Ibarmiak lortu du Gurpil kontua ipuinarekin. Alberdi ere hainbat ediziotan sailkatu da lehen hiru irabazleen artean. Oraingoan desgaitasunaren inguruko ipuina idatzi du. Atzoko ekitaldian azaldu zuen ipuinaren nondik norakoa: “Duela bizpahiru urte ezagun batek galdetu zidan ea inoiz desgaitasunaren inguruan idatzi nuen. Abuztuan gaiari heltzea pentsatu nuen eta nola edo ahala lortu nuen, eta gustura geratu nintzen idatzitakoarekin. Sari honek berresten du txukun samar idatzi izango nuela". 

Literatur uzta ederra

Aurten, 34 literatur lan aurkeztu dituzte Azkoitiko Kultur Elkarteak eta Azkoitiko Udalak elkarrekin antolatzen duten lehiaketara, eta balorazio positiboa egin du epaimahaiak: “Ozen aldarrika dezakegu euskara oparoan ehundutako ipuin sorta zinez intereresgarriak aurkitu ditugula”.

Bizenta Mogel Lehiaketak urte guzti hauetan eman dituen ipuin sarituak argitaratzen ari da Azkoitiko Udala, pixkanaka. Aurten, 2015etik 2018ra arteko edizioetan saritutako lanak jasotzen dituen liburuxka plazaratu berri du udalak, eta labetik atera berri den lana eskuragarri dago Aizkibel Liburutegian. 

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide