Matadeixen bilduta zeuden gazteak kanporatu eta haietako bat identifikatu du Ertzaintzak

Maialen Etxaniz 2021ko ots. 13a, 09:00
(Azkoitiko Gazte Asanblada)

Azkoitiko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, atzo 20:30 aldera "hiru polizia auto" bertaratu ziren Matadeira, eta han bilduta zeuden gazteei bertatik ateratzeko agindu zieten. Isuna jartzeko mehatxua egiteaz gain, asanbladako kide bat identifikatu zutela salatu dute gazte asanbladako kideek. Haiek azaldu dutenez, gazte asanbladaren bilera egiten ari ziren ertzainak bertaratu ziren unean.  

Azkoitiko Gazte Asanbladak jakitera eman duenez, atzo Matadeixen bilduta zeuden gazteak kanporatu eta asanbladako kide bat identifikatu zuen Ertzaintzak 20:30 eta 21:00 artean. Asanbladako kideek azaldu dute "segurtasun neurriak zainduta" ari zirela asteroko bilkura egiten atzokoan: "Asanbladako kideok bilduta geundela agente polizialek gure jarduna eten dute, eta militante bat identifikatu dute. Asanbladatik gogor salatzen dugu pairatutako jazarpena". Kide bat identifikatzeaz gain, mehatxu ere egin zietela salatu dute gazteek: "Hurrengoan denok identifikatuko gaituztela eta bakoitzari 600 euroko isuna jarriko digutela esan digute". Era berean, azpimarratu dute azken asteetan presentzia poliziala "nabarmen" handitu dela herrian, eta "lan politikoa eta kulturala egiteko askatasuna" aldarrikatu dute.

Urola Erdiko GKSk ere Azkoitian jazotakoa salatu du. "Pandemia garaian ezarri diren neurriak aitzakiatzat hartu badituzte ere, oztopatu nahi dena politika instituzional burgesetik kanpo kokatzen den antolakuntza politikoa da. Askatasun politikoen aurkako beste eraso bat izan da Azkoitian jazotakoa", adierazi dute koordinadorako kideek sare sozialetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide